ALBISTEAK


Iraganeko memoria, etorkizuneko kontakizuna, gaurko borroka


ES   

Martxoaren 29an (asteazkena), 18:30ean, Iratzar fundazioaren YouTube kanalean, Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kideak eta Lander Garcia Martxoak 3 elkarteko kideak gaurko askapen prozesuetan memoriak edo memoriek duten garrantziari buruzko eta errelatoaren lehiaren inguruko gogoeta eskainiko digute.

Iraganeko memoria, etorkizuneko kontakizuna, gaurko borroka izenburuarekin. Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kideak eta Lander Garcia Martxoak 3 elkarteko kideak gaurko askapen prozesuetan memoriak edo memoriek duten garrantziari buruzko eta errelatoaren lehiaren inguruko gogoeta eskainiko digute, "Iraganeko memoria, etorkizuneko kontakizuna, gaurko borroka izenburuarekin.


Solaskideak memoriaz eta errelatoaz, frankismoaz eta trantsizioaz, trantsizioaren mitoaz eta trantsizio orkestratuaz arituko dira. Halaber, hizpide izango dute; Demokraziaren 78ko erregimena, salbuespen erregimena, GAL, torturak, inpunitatea, errelato baten hegemonia eta askapen prozesuan memoriak daukan garrantzia. Eta gaur egungo kontakizunaz ere hitz egingo dute. Izan ere, gaur egiten duguna biharko memoria da, eta etzi borrokan segitzeko irakaspena. Askapen prozesuetan, belaunaldiz belaunaldi, jarduera politikoa garai bakoitzera egokitutako molde ezberdinen bidez egin daiteke. Baina, jarduera politikoa aurretik egindakoari lotuta egon dadin, memoria da tresna ezinbestekoa.


Gertatutakoaren kontakizunak oraina baldintzatzen du. Noiz hasi zen gatazka? Nola kontatu? Noiztik? Kronologikoki, baina zatika edo osotasunean? Adibidez, periodizazio horri buruz, badago aztertu dezakegun lehenengo talka edo korapilo bat. Estatuaren errepresioaren ondorioak, gatazka politikoaren memoriak epealditan banatzeak baditu bere arriskuak: Kontakizunaren eztabaidan, diktadura frankista epealditan banatzeko saiakerak daude.1936-1937 urteetan faxismoaren aurka armak hartzea zilegi zela transmititu dute askotan PNV-PSOEk zuzendutako erakundeek, baina ez dute argitzen diktadurako zein urtera arte zen zilegi…


Guk ez dugu diktadura zatituko Gogora institutuak egiten duen bezala (“memoria historikoa” eta “oraintsuko memoria” bereizten ditu, 1960. urtea mugarritzat hartuz). Mundu zabalean hori ez da beste inon gertatzen. Nazioarteko ikuspuntua oso garrantzitsua da Euskal Herriko memoria auzia salbuespen egoeran dagoela ulertzeko. Inork ez ditu epealditan zatitzen Hego Afrikako, Portugalgo, Txileko, Argentinako edo Uruguaiko diktaduren giza eskubideen urraketa sistematikoak. Eusko Jaurlaritza hori egiten ari da.


Zatiketa horrek biktimen eskubideak ere zatitzen ditu. Poliziek erail zintuzten, bai, baina egun horri dagokion epealdiaren arabera dekretu batean edo beste batean sartuko zara, edo inon ez. Oso urrutira joan gabe, Europan bertan, Irlandako gatazka politiko-armatuaren ondorioak era integralean lantzen dira. Euskal Herrian hori ezinezkoa da, baina, aurreko adibide guztiekin alderatuta, hemen ez dago Ostiral Santuko akordiorik, ez eta diktadura horiekiko memoria politika publiko apurtzailerik. Frankismoaren inpunitatean oinarritutako sistema batean gaude. Haustura demokratikorik egon ez izanak gatazka politiko-armatua elikatu zuen, eta hori da memoria eremuan edo kontakizunaren lehian etengabe islatzen ari dena.


Oroimenak egitura narratiboa du. Edukiek eta adierazpideek osatzen dute. Memoria kolektiboa talde edo gizarte batek bizi izandako iragana edota esanahia berreraikitzeko prozesu soziala da, gizarte-esparruetan biltzen dena, hala nola denbora eta espazioa, eta hizkuntza, baina esanahiek ere eusten diote, eta horiek ere kulturan daude. Eta memoria historikoa modu inklusiboan lantzeko espazioak eraiki beharra dago.


Bukatzeko, Egiari Zor fundazioak bere adierazpenetan esaten du bizikidetza demokratikoaren kontzeptuak, "borroka armatuaren ondorioak gainditu eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatzeaz gain, indarrean jarraitzen duen gatazka politiko baten kausei heltzea eskatzen duela,bizikidetza demokratikoaren parametro batzuen gainean garatu nahi duen gizarte batek bere oraina eta etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea gauzatu behar duelako.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER