IPARRORRATZA BILDUMA liburuxketan oinarritutako hitzaldiak edo irakurketa taldeak antolatzeko aukera.
Informazioa: http://iratzar.eus/iparrorratza
Gaiak:
Metodologia proposamena:
• Liburuak ditugu maileguan uzteko edo erosteko. Herriko arduradun bat liburuak hartzeaz arduratu behar da eta ondoren (erosiko ez direnak) bueltan ekartzeaz.
• Herriko kideek liburuak aurretik irakurtzeko tartea hartu.
• Saioan bertan liburuan sakontzeko edo bertan garatzen diren ideiak eztabaidatzeko tartea hartuko da. Hau da, liburuko edukietatik harago joateko ibilbidea izango da saioa.
IRATZAR KAFEetan eta ERRIA ZUZENEAN landu diren gaiak herrian elkarrekin ikusteko eta eztabaidatzeko aukera.
Orain artean landutako gaiak: http://iratzar.eus/solasaldiak
https://www.youtube.com/@erriaeraldaketarakoaldizka7449/videos
Metodologia proposamena:
• Aukeran, orain artean landu diren gaiak ikusi ditzakezue edo zuzenean jarraitu ikasturte honetakoak.
• Eztabaidan sakondu ahal izateko ibilbide metodologiko labur bat eta galdera batzuk izango dituzue eskura edo herriko errealitatearekin bat datozen propioak prestatu lantaldean.
• Herriko kideok izango zarete saioa bera dinamizatzen duzuenak.
BESTELAKO HITZALDIAK edota TAILERRAK
Askapen prozesuaren dialektika XXI. Mendean: Orain arteko “Euskal matxinada” hitzaldiak, 60-70ko matxinadaren sorreraren gako nagusiak, 80-90ko garapena eta XXI. mendeko egokitzapena azaltzen zituen. Hitzaldi berri honetan, iragana alboratu gabe, askapen prozesuaren egungo korapilo eta gakoetan sakontzeko bidea hartzen du. Zeintzuk dira ezker soberanistak egun dituen erronka nagusiak? Nola pentsatu kontraesanak gaur egun?
Erreakzio autoritarioa ulertzeko gakoak: Azken aldian mundu mailan ematen ari den erreakzio autoritario, xenofobo, matxista eta arrazistaren inguruko gogoetan sakontzeko beharra dauka ezker eraldatzaileak. Izan ere, fenomeno konplexua da, eskuin muturrean bakarrik ez, ezkerreko sektoreetan ere bere bidea egin duena, ezkerra zatikatuz eta posizio atzerakoi eta erreakzionarioetara eramanez. Hitzaldi honetan erreakzio horren arrazoietan eta garapenean zentratuko gara.
Sozialismorako euskal bideaz: Dena da ekonomia, edo ia dena, orain arte lan eta eremu asko ekonomiatik at kokatu nahi izan dituzten arren. Dena da politikoa, edo kasik dena, politikoak diren hainbat hautu naturaltzat saldu nahi izan dizkiguten arren. Izena bera ere aldatu zuten, politikoa zen hori ezabatu asmoz. Hasiera batean ekonomia politikoaz mintzo ziren, herrien aberastasunaz eta beronen banaketaz mintzo ziren lehen ekonomialariak. Laster ebatsi zioten politikoa abizena, harekiko izan genitzakeen (er)aldaketarako asmoak kamusten saiatzeko. Hitzaldian, sozialismorako euskal bidearen gakoak emateaz gain, trantsiziorako ideiak ere eskainiko dira, sektore publikoaz, euskal esparru sozioekonomikoaz, lanaren nolakotasunaz, zaintzaren ekonomiaz eta trantsizio ekosozialaz.
Eskuin muturraren gorakada: Hitzaldi honetan eskuin muturraren arrakastaren gakoak aztertzen dira. Gako nagusietako bat, jendartearen zentzu komunean eskuin muturraren ideia eta markoek izan duten hedapena da. Hortik abiatuta, Europako eskuin muturraren erradiografia txiki bat eginda, eskuin muturrak amankomunean dituen ideia eta markoak aztertu eta analizatzen dira. Bukatzeko, abertzaletasunak, feminismoak eta eraldaketa sozialek eskuin muturrari aurre egiteko duten potentzialitatea lantzen da.
Eta etorkizunik ez badugu? Krisi ekosoziala eraldaketarako aukera: Gure zibilizazioak bizi duen krisi ekologiko globalak goitik behera gurutzatuko ditu gure gizarteak, ekonomiak eta erabaki politikoak. Hitzaldi honetan krisi sozio-ekologiko hori ahalbidetu duten logika historiko-sozial sakonak zeintzuk izan diren ulertzen saiatuko gara. Zein harreman mota garatu dute gizarte modernoek naturarekin? Zein ikuspegi ideologiko eta moral gailendu da bizitzaren sostengu diren ekosistemekiko? Bidai bat proposatuko dugu XIX. eta XX. mendea gurutzatu dituzten eztabaida nagusietatik abiatuta, ikuspegi ekosozial emantzipatzailearen oinarriak nondik eraiki diren azaldu, eta gaurko estuinguruarekin loturak egiteko. Horrekin batera, krisi ekologikoak Euskal Herrian zein forma hartzen ari den zehazteko ariketa egingo dugu.
Hiru aldiz errebelde: Feminismoek gaur egungo garaiak ulertu eta beronen eraldaketan ari garenontzat ezinbesteko tresnak eskaintzen dizkigu. Hiru zapalkuntza, borroka bakarra lelotik gu geu ere eraldatzen gaitu. Baina nola begiratu inguratzen gaituena zapalkuntza anizten ulerkeratik? Zer da ageri (ez) dena? Eta nola eragin eraldaketan?
Elkarrekin hobe: Euskal Herria ez da Eskozia, ezta Korsika ere; historian zehar zatitutako herria gara, bi estatu ezberdinen menpe, bi autonomia esparru Hegoaldean…Ezker abertzaleak betidanik aldarrikatu du zatiak batu eta nazio egitasmo barnebiltzailearen hautua, baina egoerak aldatzen joan diren heinean, apostu hau garatzeko erronka, oztopo eta aukera berriak ageri dira, iraganeko iruditeria (Monzonen pitxar hautsia, esaterako…) jarduera eta diskurtso batzuk gaindituta gelditu direlarik. Elkarrekin hobe ez da lelo huts bat, lurralde artikulazioa egungo parametroetan kokatzeko paradigma berri bat baizik, ibilbide historikotik ikasitakoa aintzat hartuta.
Espainiar estatua eta gu: Zer dela da indar independentista espainiar gobernu bat sustengatzen? Zertaz ari gara aukera lehioaz mintzo garelarik? Noraino iristen da inboluzio autoritario/espainiar-supremazistaren mehatxua? Askapen ibilbide orotan funtsezkoa da kontraesanen kudeaketa eta, gurean ere kontraesankorra da espainiar estatuan hainbat jarduera eta apostu bideratzea, gure asmoa ezbaita estatu horren kudeaketan parte hartzea, alde egitea baizik. Joateko aukerak irekitzea da, alta, gure apostuen arrazoi nagusia, eta horregatik estrategia independentistarako emankorrak diren kontraesanei buruz ari gara.
ERRIA aldizkarian landutako dosierren inguruko hitzaldiak eska daitezke.
Informazioa: https://erria.eus/erreportajeak
1: Zerbait antolatzeko, helburu argia eta ongi atera dadin eginen dugun lana hartu behar ditugu aintzat beste ezer baino lehen.
2: Zuekin elkarlanean antolatu beharreko saioak dira, eta beraz, planifikaziotik bertatik zuen parte hartzea beharrezkoa izango da. Nolabait esateko, itun bat da, Iratzar Fundazioak edukiak, metodologia eta hizlariak bermatzen dizkizue eta zuek (herriek, auzoek, eskualdeek, herrialdeek...) saioak behar bezala antolatzeko konpromisoa hartzen duzue.
3: Gauzak horrela, aktibitatea ongi joan dadin, gutxieneko parte hartze, komunikazio eta lanketa bermatu behar dira derrigorrean. Parte hartze minimo bermatua, lekuan lekuko errealitatetik abiatuz betiere, baina 15 pertsonakoa izango da. Horretarako, kartelak eta gonbidapenak prestatzeko aukera egongo da, jakina, baina informazio saturazioaren garai hauetan, bidalketa hutsa ez da parte hartzearen berme. Iragarri eta komunitatearekin egotea ezinbestekoa izango da, zergatik antolatzen den partekatu, zer landuko den aurreratu eta interesa piztu…
4: Saioen kalitateari emango zaio lehentasuna eta formatu ezberdinak aukera daitezke, helburu eta bitartekoen arabera: ohiko hitzaldi ereduak, tailerrak... Kasu guztietan, edukietan eta gaitasunetan trebatzea izango da erronka, eraldaketa praktikoan eragiteko asmoz.
Informazio gehiago behar izanez gero: eskola.politikoa@iratzar.eus era idatzi.