Txalapartarekin elkarlanean, pentsamendu kritikoarekin lotutako gaiei buruzko IPARRORRATZA argitalpen-bilduma berria sortu dugu; gaur egungo eztabaidak jorratuko ditugu liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragiteko asmoz. Bilduma berriak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikorako planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen multzoa eskainiko du.
Iratzar fundazioaren egitekoen artean, memoria eta kontakizuna, ideien lehia, trebakuntza eta ahalduntze politikoa daude, eta Iparrorratza liburu bilduma bide horretan bete-betean eragiteko beste tresna bat da. Hain zuzen, Iparrorratza izena jarri diogu gaur egungo mundua interpretatu eta berau eraldatzeko emantzipaziorako gakoak eta eztabaidak mahaigaineratzeko asmoa duen heinean. Era berean, argitalpen hauek prozesu bezala ulertzen ditugu, eta, beraz, bat egingo du fundazioak dituen egiteko eraldatzaile horiekin. Hiru pauso, gutxienez: gaiaren identifikazioarekin hasi, idazketa prozesuarekin eta argitalpenarekin segi, eta komunitatearekin batera egingo ditugun lanketa eta eztabaidekin buka.
Zentzu horretan, ahalduntzeko tresna izan nahi dituzte liburuxka hauek, emantzipazio proiektu politikoei ekarpena egiteko: lehenik, gaien gaurkotze eta hausnarketen bidez; bigarrenik, talde eta komunitatearekin eztabaidatzerakoan; eta, azkenik, idazleak berak egingo duen sorkuntza-sintesi eta idazketa prozesuaren bidez. Joan-etorriko bidea da. Iratzarreko kideon ustez, bilduma honetako liburuek pauso horiek jarraitu behar dituzte: ahalduntze politiko, belaunaldi arteko transmisio eta egungo eztabaida eta gako nagusiak interpretatzeko balio behar dute.
Nafarroako argitaletxe independenteak IPARRORRATZA bildumako, 150 orrialdeko, 2 liburu argitaratuko ditu, urtean, poltsiko edizioan, pentsamendu kritiko-politikoarekin zerikusia duten gaiekin; gaurkotasuneko gaiei buruzko beste ikuspegi batzuk ezagutu nahi dituzten irakurleei zuzenduta.
Hona hemen IPARRORRATZA bildumako aleak: