ALBISTEAK


Instituziogintza eraldatuz


ES   

IRATZAR FUNDAZIOA, TRANSFORM EUROPE eta UPV/EHU-KO PARTE HARTUZ erakundeko kideek, elkarlanean, "INSTITUZIOGINTZA ERALDATUZ" lemapean, jardunaldiak antolatu ditugu, instituziogintza eraldatzaile bat [ber]pentsatzeko, apirilaren 22an eta 23an, Donostiako IRATZAR Aretoan.

Iragan irailean, Iratzar Fundazioak, UEUko ikastaroen baitan, Euskal Herria Dekoloniala Mintegia antolatu zuen. Mintegian zehar asko hitz egin genuen modernitatearen eskema binario eta murritzaileaz, bai eta pentsamenduaz eta hau ordenatzen duten instituzio berrien beharraz.

Udan geunden eta konfinamendu egoera oso presente genuen. COVID-19aren izurrite globalaren mezua garbi jaso genuen. 2006tik bizi genuen ziurgabetasun aroa areagotzen ari zen, eta agerian geratzen ari zen  zeinen handiak diren instituzioen, komunitatearen eta bizitzaren arteko desloturak.

Herritarrok gure espazio eta denbora josten duten dinamika eta prozesuen inguruko zalantzak adierazi ditugu, eta publiko eta komunitarioa bermatuko lukeen instituziogintzaz mintzatzen hasi gara. Baina, zer da instituziogintza berri hori? Zer da dinamika eta prozesu instituzional eraldatzailea? Nondik hasi gai honi heltzen?

Erronka honetaz jabe, Iratzar Fundazioak, Transform Europe! sareak eskaintzen duen hausnarketa esparruaz baliatuz, hausnarketa hau  partekatzeari ekin zion, eta hiru galderen bidez, gai honi buruzko gogoeta planteatu zuen:

Pentsatu ahal dugu instituzionalizazio berri batean? Hau da, burujabetzaren ohiko hiru organoekin batera eta ohiko ordezkapen formuletatik harago, herritarrei Estatuaren politiken gaineko kontrol demokratikoa bermatuko liekeen instituzionalizazio batean pentsa dezakegu? Gure praktika politiko instituzionalaren bidez, eta eskala ezberdinen artean (lokala-estatala-supraestatala), artikulazio berri bat sor dezakegu? Une berezi honetan, ez al da erresilientzia komunitarioa kontzeptu giltzarria erronka garrantzitsuei aurre egiteko eta bizitzaren iraunkortasuna bermatzeko?.

Gaiari heltzeko lehen hurbilpen honetatik sortutako hausnarketa zabaltzeko asmoz datoz apirilaren 22ko arratsaldean eta 23an egun osoan Iratzar Aretoan antolatuko ditugun jardunaldiak.

Hiru panel nagusitan banatu ditugu eztabaida eta gogoeta:

  • Lehen panalean hainbat lanabes definitzen saiatuko gara, gaiaz erpin ezberdinetatik hausnartzen lagunduko digutenak. Jon Azkunek, EHUko zientzia politiko irakasleak, Poulantzasen pentsamendutik abiatuz, estatuaren irakurketa erlazional bat aurkeztu du; jarraian, mundu (des)ordenaz mintzatuko da, Ane Irazabal, Nazioarteko berriemailea; lehen panalerekin bukatzeko, Txex Etxeberrik estatuaren, komunitatearen eta ekonomiaren arteko harremanari buruzko azalpen bat eskainiko digu. [Moderatzailea: Jone Etxebarria].

Ondoren, Andoni Olariagak Saskia Sassenekin solastatuko da, globalizazioan kapitalaren, lurraldetasunaren eta herritarren artean josi diren mihiztaketa berriaz.

  • Bigarren panelean praktikatik arituko gara  eta, gaur egungo instituzio amaraunetik abiatuta, boterea okupatzeaz jardungo dugu. Irudika dezakegu bestelako botererik? Zeintzuk izango dira herritarron eta instituzioen arteko dinamikak eta prozesuak? Eoin Ó Broin, Ulrik Kohl, Nerea Kortajarena, Karlos Renedo, Pello Otxandiano, Dublin, Kopenhage eta Euskal Herriko aditu eta arituekin hausnartuko dugu. Funtsean, instituzioen, komunitatearen eta praktika eraldatzaileen arteko intersekzionalitatea eta uztartzea aztertuko ditugu. [Moderatzaileak: Patri Perales eta Idoia Zengotitabengoa].
  • Hirugarren panelean, ehun sozialaren, espazioa eta ekonomiaren arteko dinamika eta prozesuaz arituko gara. Horretarako, Larraitz Ugarte eta Andoni Egia izango ditugu gogoeta gidari. [Moderatzailea: Xabi Seniosian].           

Ezkerrak eta indar eraldatzaileek instituzionalizazio ezberdina irudikatu behar dugu, dugun marko mugatzailea gaindituz pertsonen eta herrien bizitza erdigunean jarriz.

Jardunaldiak Iratzar YouTubeko kanalez emango ditugu.

 

Informazio gehiago: http://iratzar.eus/instituziogintza

 




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER