ALBISTEAK


Euskal matxinadak aurrera darrai

Berrogeita hamar urte igaro dira eta gure baitan dirau Burgosko auziaren oihartzunak. Herri honen bizi nahia eta ausardia eraman zituzten tribunalera; 16 neska-mutil ameslari, Herri baten aurrean, epaile militarren parez pare. Mende erdi igaro da, diktaduraren ilunpean gerrako errautsetatik jaikitzera ausartu zen Herria auzipetu, eta zigortu, eta berriro makurrarazi nahi izan zuenetik frankismoak.

Burgosen, 1970ean, ETAko militanteak espetxera kondenatuz, heriotza zigorrak ezarriz, gazte haiei eskarmentua emanez, militante haiek eta independentismoa eraitsiko zituela pentsatu baitzuen erregimen frankistak. Epaiketa haren oihartzuna Euskal Herritik nazioartera hedatu zen, indartuta itzultzeko, eta frankismoari ikara eragin zion; Herri honen izatea eta etorkizuna ezabatu nahi zuen erregimenari, berari, eragin zion ikara. Francok, frankismoak, diktadurak, bere larderian eta hantustean, ez zuen ulertu zutitzen hasia zen Herria jada ez zegoela belauniko; berrogeita hamar urteren ostean, ezingo zutela belaunikatu.

Ezinetik zutitzen erakutsi ziguten gazte ausart haiek, eta gugan dirau beren ereduak, eta iraungo du geroan, belaunaldi berrietako gazte ameslarien ekinean. Modu lausoagoan azaldu nahi izan dute batzuk Burgosko prozesuaren esanahia, historiaren interpretazio interesatuan tematuz. Ezin ulertuz agian, edota ezin onartuz oraindik ere, herri txiki honetako herri-sena bizi zuten gazteak inperio handi baten aurrean jaikitzeko ausardia izan zutela. Baina gaur, atzera begiratuz, Ezkerreko Independentismoak oso argi du Burgosko auzia mugarri izan zela Euskal Herriaren biziraupenerako.

Gaur, berrogeita hamar urte igaro eta gero, prozesua ez da oraindik amaitu; lehen bezala gaur, tribunaletara eramaten dituzte gazteak, eskarmentatuz herri honen askatasun grina eraitsiko dutelakoan. Bidea ez da amaitu, eta ezin dugu esan, gainera, independentismoaren aurkako estrategia baztertu dutenik inguratzen gaituzten Estatuek. Orain ere ukazioarekin eta errepresioarekin erantzuten diote gure aldarrikapen eta gogo subiranistari.

Hala eta guztiz ere, berrogeita hamar urte geroago, esan genezake independentziaren beharra eskaintza politiko indartsua dela eta beste eskaintza politikoekin aurrez aurre lehiatzeko prestatua dagoela Euskal Herrian. Estatuen jarrera inperialistari ez ezik, planeta osora iritsi den izurriari aurre egin beharra dugu gaur. Pandemiaren ondorioek krisi sistemikoa gordindu duten honetan, gure gizartearen osasuna zaindu eta bermatu beharra dugu, herri gisa ekinez eta jarraituz, osasuna
ere burujabetzaren oinarrietako bat delako.

“Ezpatari nagusitu zaio Herria” idatzi zuen Telesforo Monzonek Burgosko auziaren ondoren. Bai! Euskal Herria ezpatari nagusitu zitzaion, eta belaunaldi berrietako gazte ameslariok jarraitzen dugu bide horretan, alorrez alor, herriz herri, harriz harri geroa eraikitzen, burujabetza eta Euskal Errepublika helburu. Euskal Herriak hitza eta erabakia behar du, eta hori lortu arte ez gaituzte isilduko.


BEKAK



IPARRORRATZA



ERRIA




TWITTER