Zenbaki biribilek eskaintzen duten aukera aprobetxatuz, Erria aldizkarian nobedade batzuk formaz eta itxuraz egingo ditugu. Dosierra aldizkariaren indar nagusia izan dela jakinda, formatu hori indartzearen aldeko apustua egin dugu, gaiei sakontasun handiagoa emateko. Bestalde, irakurgarritasuna sustatzeko, testuak sintetikoagoak dira. Gainera, eraldaketa-prozesua biribiltzeko atal berriak sortu ditugu, irakurketan desorekatzeko eta pentsatzeko tartea emanez.
Erria eraldaketarako aldizkari politikoaren 10. zenbakiaren aurkezpena, urtarrilaren 26an,18: 00etan, Iruñeko Laba gunean egingo dugu, bertan, ale honetan egin ditugun aldaketak aurkeztuko ditugu eta ondoren, Naia Torrealdaik, Lur Albizuk eta Izaro Zinkunegik hitzaldia eskainiko digute "Gu(e)re herria egiteaz ari gara" lelopean.
Solaskideak gako batzuk argitzen saiatuko dira, besteak beste, neoliberalismoaren eta indibidualismoaren garaiotan, kolektiboaren eta komunitatearen garrantzia nabarmenduz nola dagoen komunitatea gaur egun?mugimendu feministak eta nazio askapenerako mugimenduak zer ekarpen egiten dioten/egin diezaioketen eraikuntza komunitario horri?, intersekzionalitateaz ere hitz egingo dute: feminismoaz, euskalgintzaz, ekologismoaz, lan eta bizi baldintzen aldeko borrokez... eta borroka horiek elkar-lotzeko/txirikordatzeko gakoetaz. Identitatearen eraikuntzan epikez, zer-nolako identitateak eta epikak behar ditugu herria egiteko edota estatu feminista praktikatik eta gaurdanik eraikitzeko proposamenetaz ere mintzatuko dira.
Era berean, aurkezpenean, Erriako 10. zenbakian jorratu ditugun gaiak azpimarratuko ditugu eta lau ardatz nagusitan sakonduko dugu, hala nola, euskara biziberritzeko eta berreskuratzeko prozesuan edo atzerantz goazen, datozen hamarkadetan jokoan dagoen gaia. Zaintzari dagokionez, jokoan dago ea gai izango garen lorpen material bihurtzeko, mugimendu feministak azken olatuan bildu duen indar hegemonikoa. Zerbitzu publiko sendo eta unibertsalak ematea onuragarria eta historikoa izango litzateke, zalantzarik gabe, zaintza-sistema publiko komunitarioa eraikitzen hastearekin batera. Krisi ekologikoak goitik behera zeharkatzen du zibilizazioaren eta gure herriaren biziraupena. Trantsizioa martxan dago, norabideari aurre egin behar zaio gehiengoei mesede egin diezaien, eta ez gutxi batzuk aberasten jarraitzeko negozioari, horrek gizarte-arrakala areagotuz. Gainera, Euskal Herrian maiz aldarrikatutako prozesu eratzaileen ezaugarriak aztertu ditugu, egungo esperientziak irakurriz, etorkizunari begira gure eskalan nola pentsatu asmatzeko.