ALBISTEAK


Uhinak Bekak eskatzeko epea urriaren 15era arte luzatuko da

Ipar Hegoa eta Iratzar fundazioek Uhinak Beketara sartzeko eskaerak aurkezteko epea, urriaren 15era arte luzatzea erabaki dute interesdunek beren proposamenak prestatzeko denbora gehiago izan dezaten.

Uhinak Beken helburu nagusia pentsamendu kritikoa sustatzea da. Gogoeta egitera eta sakontzera bultzatzen duten gai ezberdinen bidez, horretarako, zazpi beka eskainiko dituzte: Burujabetza eta estatugintza [beka bat], Ekonomia eta sindikalgintza [bi beka], Feminismoa [beka bat], Euskara, kulturgintza [beka bat], Iragana, etorkizuna eta iruditegi soziala  [beka bat] eta EHUko “Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra”-ren amaierako lan hoberenari [beka bat].

Beka deialdi honetara adituak eta arituak gonbidatu nahi dituzte, alegia, akademian ikertzen edota herrigintzan lanean ari direnei. Izan ere, hori ere badelako beraien helburua: akademiaren eta herrigintzaren, eta eraldaketa politiko-sozialaren, arteko zubiak eraikitzea.

Bekaren bat eskatu nahi dutenek honako agiri hau erantsi beharko dute: aurkezpen pertsonala, curriculuma, jarduera politikoa, sindikala eta/edo soziala, 3.000 eta 3.500 karaktere artekoa, eta proiektuaren laburpena.

Proiektuak lau atal izanen ditu nahitaez:

1) Landu nahi den gai zehatza eta helburu orokorra biltzen duen atala.

2) Lan-tesia edo sakondu nahi den ideia nagusiaren/en laburpena jasotzen duen atala.

3) Lanaren gaia azaltzen duen indizea.

4) Garatzeko erabiliko den bibliografia.

Gehienez 15.000 karaktere eta euskaraz.

 

Beka bakoitzaren diru-zenbatekoa 500 eurokoa izango da eta esleipena ematen den unetik, bekaren onuradunak sei hilabete izango ditu behinbetiko lana aurkezteko.

Uhinak Beken oinarriei buruzko informazio gehiago: http://iratzar.eus/img/dokumentuak/Uhinakbekak-oinarriak.pdf

Informazio gehiago edota beka eskaera, urriaren 15a baino lehen, eskaerak@uhinakbeka.eus helbide honetara bidali beharko dute.

 

 

 


IPARRORRATZA



ERRIA



TWITTER