ALBISTEAK


Velte, Barañano, Bayon, Ventimiglia eta Vizánen proiektuak esleituak izan dira Uhinak Bekaren 2.edizioan


ES   

IparHegoa eta Iratzar fundazioek ikertzailei eta sortzailei esleitu dizkiete Uhinak Bekak

Uhinak Bekaren bigarren edizioaren berri ematera gatoz. Uhinak Bekak pentsamendu kritikoa sustatu nahi du, eta plaza publikorako nahiz plaza politikorako igarobidea eskaini nahi die esparru akademikoan edota militantean sortzen ari den jakintzari. Urtero hainbat lanen elaborazioa laguntzeko eta argitalpena sustatzeko xedea dugu, eta 2022an egitasmo hauek laguntzeko erabakia hartu du Ipar Hegoa Fundazioak eta Iratzar Fundazioak antolatutako epaimahaiak.

Aurkeztutako ikerketen sintesiak interes handiko gaiei buruzkoak izan dira, eta, gehienbat, subiranotasun politikoari, ekonomiari eta feminismoari buruzko azterketa eta ikuspegi berriak ematen dituzte.

Tamalez, ezin izan ditugu aurkeztu diren egile/lan guztiak lagundu, baina zinez eskertuak gaude haiekin eta euren lanarekin jarraitzera animatzen ditugu.

Ekonomiaren esparruan bi beka esleitu ditugu:

  • Unai Bayon Aranburu (Donostia, 1996). Filosofoa, doktoregaia eta herri mugimenduko zein gazte eragileetako militantea. “Pobrezia, burujabetzarako buruhaustea. Uzkurtze epistemikoa eta arrakala kognitiboa kapitalismo azeleratuan” izenburuko egitasmoa aurkeztu du.
  • Asier Ventimiglia González (Lezo, 1998). Soziologoa. Subiranotasuna Europako Herrietan masterra egiten ari da. Gazte mugimenduko militantea. “Ekonomia Soziala eta Naziogintzaren arteko lotura: Euskal Herriko kasua” izenburuko egitasmoa garatuko du.

 Feminismoaren esparruan proiektu hau lagunduko dugu:

  • Maider Barañano Uribarren (Algorta, 1999). Mugimendu feministako, gazte mugimenduko eta mugimendu transmarikabolloko militantea. Soziologoa. Ikasketa feministen masterra bukatzen ari da. “Zaintza sareak, subiranotasunerako tresna” izeneko egitasmoa gauzatuko du

 Burujabetzaren eta estatugintzaren arloan lan hau lagunduko dugu:

  • Ander Vizán Amorós (Portugalete, 1993). Politika Zientziak ikasi ditu. Gaur egun doktoratu aurreko ikertzailea da. EH Bilduko militantea. “Burujabetzarako bide berriak. Erabakitzeko eskubidea Euskal Herrian” lana aurkeztu du.

Iraganaren, etorkizunaren eta iruditeria sozialaren atalean beka hau esleitu dugu:

  • Samara Velte (Zarautz, 1991). Doktoratu aurreko ikertzailea. Kazetaria; nazioarteko harremanetan eta genero gaietan aditua. Mugimendu feministan aritua. Nik sinesten dizut liburua idatzi du. “Aizkorak, zuhaitzak eta hutsuneak. Memoriaren teknologiak belaunaldi gazteen iruditeria kolektiboan” lanarengatik jasoko du laguntza.

Egileek sei hilabeteko tartea izango dute euren lana burutzeko. 500 euroko laguntza jasoko dute eta haien lana argitaratzeko baliabideak jarriko dituzte beka sustatzen duten fundazioek.

Aipatu behar dugu beka bat geratzen dela esleitzeko. Aurreko ekitaldian bezala, beka horrekin EHUko “Subiranotasuna Europako Herrietan” masterreko amaiera lan onena sarituko dugu.

 




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER