Uhinak Beken helburu nagusia pentsamendu kritikoa sustatzea da. Gogoeta egitera eta sakontzera bultzatzen duten gai ezberdinen bidez, horretarako, zazpi beka eskainiko dituzte: Burujabetza eta estatugintza [beka bat], Ekonomia eta sindikalgintza [bi beka], Feminismoa [beka bat], Euskara, kulturgintza [beka bat], Iragana, etorkizuna eta iruditegi soziala [beka bat] eta EHUko “Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra”-ren amaierako lan hoberenari [beka bat].
Beka deialdi honetara adituak eta arituak gonbidatu nahi dituzte, alegia, akademian ikertzen edota herrigintzan lanean ari direnei. Izan ere, hori ere badelako beraien helburua: akademiaren eta herrigintzaren, eta eraldaketa politiko-sozialaren, arteko zubiak eraikitzea.
Bekaren bat eskatu nahi dutenek honako agiri hau erantsi beharko dute: aurkezpen pertsonala, curriculuma, jarduera politikoa, sindikala eta/edo soziala, 3.000 eta 3.500 karaktere artekoa, eta proiektuaren laburpena.
Proiektuak lau atal izanen ditu nahitaez:
1) Landu nahi den gai zehatza eta helburu orokorra biltzen duen atala.
2) Lan-tesia edo sakondu nahi den ideia nagusiaren/en laburpena jasotzen duen atala.
3) Lanaren gaia azaltzen duen indizea.
4) Garatzeko erabiliko den bibliografia.
Gehienez 15.000 karaktere eta euskaraz.
Beka bakoitzaren diru-zenbatekoa 500 eurokoa izango da eta esleipena ematen den unetik, bekaren onuradunak sei hilabete izango ditu behinbetiko lana aurkezteko.
Uhinak Beken oinarriei buruzko informazio gehiago: http://iratzar.eus/img/dokumentuak/Uhinakbekak-oinarriak.pdf
Informazio gehiago edota beka eskaera, urriaren 15a baino lehen, eskaerak@uhinakbeka.eus helbide honetara bidali beharko dute.