ALBISTEAK


Udako Eskola Ekosoziala


ES   

Mundu ikuskera eta estrategia jasangarriago bat pentsatzeko espazioa  izango da, Elizondon, uztailaren 10ean eta 11n. Aire zabalean egingo diren jardunaldietan, egungo krisi multisistemikoaren atzean dauden logikei buruz erreparatzea eta hausnartzea dute helburu. 

Udako Eskola Ekosoziala ez da adituentzako hitzordua, baina gai horretako aditu nagusietako batzuen parte hartzea izango du, gogoetarako eta eztabaidarako espazio zabal bat sortzeko. Baztango Eskola Ekosoziala taldeak antolatuta, ekimenak bertako Udalaren, Garua kooperatibaren eta Iratzar fundazioaren laguntza du, eta elkarri lotuta dauden egungo krisien inguruko hausnarketa bultzatu nahi du.

Gaiaren harira, antolatzaileek azaldu dute krisi multisistemiko baten aurrean dagoela egungo gizartea. «Ez dakigu euskal jendartea kontziente den, baina Lur planetan bizitza posible egiten duten baldintzen hondatzeak gizakiak munduan bizitza duina izateko aukera eta bere biziraupena bera ere kolokan jartzen du», adierazi dute. Nabarmendu dute gero eta ahots gehiagok diotela giza historiako une erabakigarrienean gaudela, baina ahots horiek ez direla Euskal Herrian erdigunean daudenak.

«Helburuetako bat da egoera honetara ekarri gaituen jendarte industrialaren logika ekonomiko, sozial eta kulturalaren analisia egitea», aurreratu dute eztabaidak izango dituen ardatzei dagokienez. Udako eskola hau etorkizuneko aterabideetako tresnak eskainiko dituen espazio bat izatea nahi dute, eta Euskal Herrian dauden hainbat ekimenen gaineko gogoeta eta eztabaida proposatuko dituzte.

Uztailaren 10ean, 10:00etatik 13:00etara, Abel Esteban Garuako kideak “Krisi multisistemikoa: ekologikoa, soziala eta ekonomikoa” tailerra gidatuko du. Larunbateko arratsalde horretan bertan, 16:00etatik 19:00etara, Charo Moran Garuako kideak “Lurraren kultura berria” aurkeztuko du, «ezinbertzekoa dugun kultura berria eraikitzeko gakoak emanez».

Uztailaren 11ko egitarauari dagokionez, Luis Gonzalez Reyes Garuako kidearen “Etorkizuneko agertokiak eta estrategiak” tailerrak beteko du goiza. Zehaztu dutenez, aipatutako lehen hiru tailer hauek gazteleraz izanen dira.

Igande arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da. “Alternatibak Euskal Herrian” deitu diote euskaraz izango den topaketa horri, eta bertan “EH PostCovid19” manifestuko, Bizi Mugimenduko, Lurzaindiako eta Koop57-ko eta Iratzar fundazioko kideek hartuko dute hitza.

Eztabaida parte hartzailea izango da eta jorratuko diren gaien artean, «ezohikoena izan daitekeen lan orduen murrizketaren ingurukoa» izango da. Gaiaz hitz egiteko, Lurzaindiako Isabel Capdeville eta Koop57-ko Jone Etxebarria eta Iratzar Fundazioko Joseba Permach eta Idoia Zengotitabengoa izango dira Elizondon.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER