ALBISTEAK


Nola gainditu Murphyren legea? Euskal utopia irudikatzeko ariketa kolektiboa


Udako Euskal Unibertsitateak 50 urte bete ditu aurten eta, data berezia ospatzeko, iraganean izandako sorkuntza eta imajinazioa ekarri nahi ditugu gaur egunera, biharkoa sortzea posible izan dadin, tailer berezia antolatu dugu #ElkarEkin.

UEUk eta Iratzar Fundazioak elkarlanean «Nola gainditu Murphyren legea? Euskal utopia irudikatzeko ariketa kolektiboa» tailerra antolatu dugu. Ariketa kolektibo hau, ekainaren 28an, asteartea, [15:30etaik 18:00ak arte] eta 29an, asteazkena, [9:00etatik 17:00ak arte], Eibarko, Markeskoa Jauregian, burutuko dugu.

Tailerrera ariketa bat ekarriko dugu tenporalitatetik ihesi. Iraganean izandako sorkuntza eta imajinazioa ekarri nahi ditugu gaur egunera, biharkoa sortzea posible izan dadin. UEUren urteurrena data berezitasunez josi nahi dugu, ez dira beti 50 betetzen! Guri behintzat zer pentsatua eman digu. Urteurrenek badute zera berezi hori, oroitzera, galdekatzera eramaten zaituena... normalean, iraganari baino, orainari gehiago lotzen diren galderak, bihar zer etorri daitekeenaren dudatan. Zer esanik ez garai hauetan, Murphyren legea irentsarazi nahi diguten honetan.

Bizi dugun oraina eraldatu nahi izatetik, animatu gaitu pentsatzera nolakoa izango zen UEUren sorrerako garaia eta zer komunitatea, existitzen ez zen hori irudikatu eta sortzea posible egin zutenena. Eta orain? Eta hemen? Zer izan daiteke gaur oraindik irudikatzen ez dugun hori (edo akaso bai) eta behar/nahi duguna herri eta komunitate gisa? Herri ariketa kolektibo bat egitea da beraz proposatzen duguna: zentzu berean, gaur eguneko Euskal Herritik, zer irudikatu dezakegu etorkizunera? Zer eta nondik eraiki? Nola hasi?

Tailer honen helburua hain zuzen ere, etorkizunaz espekulatzea izango da. Gure etorkizuna irudikatu eta eraikitzeko ariketa, bizi dugun oraina eraldatzeko asmoz, imajinazio politiko eta soziala modu kolektiboan landuko dugu, diseinu pedagogiko propio batetik abiatuz, bertaratutakoen artean eraikiko dugu etorkizuna. Eta herrigintzan dabilen edonori eta kezka hau partekatzen duen edonori zuzenduta dago.

Tipi Gara kooperatiba izango dugu diseinuan, akonpainamenduan eta euskarri.

Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

Ekainaren 29an elkarrekin bazkaltzeko aukera egongo da. Matrikula egiterakoan eman izena (ezinbestekoa izango da aurretik izenea ematea).

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro homologatua. Eguneratze-ikastaro modura homologatuta, 2022ko maiatzaren 16an Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, honako kodearekin: 2268348002.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER