MarxFem Nazioarteko IV. Konferentzia azaroaren 11, 12 eta 13an gauzatuko da online, jardunaldi guztiak Zoom plataforma bidez igorriko direlarik hurrengo linkean: https://foku-eus.zoom.us/j/98457064319?pwd=djdReGRSQWUxdkxTNjF3b3kyZlQ3dz09 –hitzaldi nagusien zuzeneko jarraipena @MarxFemConference21 Facebooketik egitea ere posible izango da–. Birtualki bada ere, munduko txoko guztietako hizlari eta entzuleek espazioa eta unea partekatuko dute hiru egunez.
Tithi Bhattacharya, Lorena Cabnal, Ochy Curiel, Christine Delphy, Ana Cecilia Dinerstein, Dilar Dirik, Elsa Dorlin, Jules Falquet, Silvia Federici, Nancy Fraser eta Frigga Haug izango dira, besteak beste, edizio honetako protagonistak. Mundu osoan entzutetsuak diren feminista historiko hauek, esparru feminista eta marxista tradizionalean nagusi diren zenbait tesi eta praktika aztertuko dituzte, feminismo de(s)koloniala, materialista, ekosozialista eta transozialista oinarritzat hartuz. Gailendutako hizlari hauen hitzaldiek aldi bereko itzulpena izango dute.
Konferentzian, gainera, dozenatik gora panel kolektibo ere izango dira. Hauetan balioaren azterketa, lana, erreprodukzio soziala, arrazalizazioa, sexualizazioa eta estatua bezalako gaiak aztertuko dira, eta panelok jatorrizko bertsioan eskainiko dira. Parte-hartzaile gehienak militantziatik, aktibismotik zein mundu akademikotik datoz, eta hainbat herrialdetako ikuspuntu ezberdinak mahai-gaineratuko dituzte: Latinoamerika, Estatu Batuak, Asia, Ekialde Hurbila zein Europa hegoaldeko hizlariak bertaratuko dira, besteak beste.
Egitaraua, beraz, bi zutabe nagusitan bereizten da: goizeko panel kolektiboak eta arratsaldeko hitzaldiak. Hitzaldietan –batez ere– Feminismo garaikidearen erronka eta analisi desberdinak jorratuko dira, eta Haug filosofo alemanak bildutako Feminismo Marxistaren XIII tesiek ere zeresana emango dute. Bestalde, paneletan tankera guztietako gaiak ikutuko dira: emakume andaluziar iraultzaileak, Ekialdeko zein Afrikako MENAk, #MeToo mogimendua, korronte feminista desberdinak eta haien erronkak, sufragistek bideratutako “Pan y Rosas”… Emakume nekazarietaz, artistetaz zein militanteetaz hitz egiteko astia izango da, orohar. Egitarauari buruzko informazio guztia hemen.
Transform! Europe, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo-Barcelona (BIBA CT), Berliner Institut für Kritische Theorie (InkriT), Rosa Luxemburgo Fundazioa eta ParteHartuz taldeak dira IV. Konferentzia honen antolatzaileak.
Konferentziari buruzko informazio guztia www.marxfemconference.com webgunean eta sare sozialetan (Instagram, Twitter eta Facebook) aurki daiteke eguneratuta.
(Behar izanez gero, webean eskuragarri dago Zoom deskargatzeko tutoriala).