55. urteurreneko ospakizun hauetan, Ernesto “Che” Guevararen balio eta itzalaren oroimena ospatzera gonbidatu gintuzten. Ekitaldiaz gain, Che-ren museoa bisitatu ahal izan genuen, Kubako alderdi komunistako kideek lagunduta. Bertan, Kongotik, Uruguaitik, Argentinatik eta beste herri batzuetatik etorritako ezker eraldatzaileetako kideekin biltzeko aukera ere izan genuen.
Aurreko gonbidapena “Ezkerreko alderdi eta mugimenduen publikazio teorikoen lehen elkartze internazionala” jardunaldien markoan kokatzen zen, eta kongresu horretara, Erria aldizkaria gonbidatua zegoen, nazioarteko beste hainbat aldizkarirekin batera. Aurreko asteetan Kubako ekialdetik sartutako Ian hurakanak Pinar del Rio eskualdean egindako kalteak direla eta, ordea, publikazio teorikoen elkartzea bertan behera gelditu behar izan zen.
Dena den, Kubara egindako bidaiak egungo egoeraren berri izateko aukera paregabea eskaini zigun. AEBek azken urteetan gogortutako blokeo ekonomiko eta politikoak (Trump administraziopean osatutako 243 legeak) zein pandemia egoeragatik Kubak hartutako beharrezko osasun neurrien ondorioz, kubatar herriaren egoera prekarioa da. Euskal Herritik exijitzen dugu, Nazio Batuen Erakundeak iaz eta aurretik ia gehiengo osoz aldarrikatu bezala (AEBen eta Israelen kontrako bozkekin), AEBek Kubarekiko duen blokeo ekonomikoa bukatzeko eta aldebakarreko neurri koertzitibo guztiekin behin betiko bukatzea.