ALBISTEAK


Iparrorratza bildumak bi urrats berri eman ditu burujabetzarantz


ES   

Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak [Nora Salbotx Alegria] eta Jan eta jabe. Elikaduraren bidez herria eraikitzen [Tasio Erkizia Almandoz] dira Iparrorratza bildumaren aurtengo bi aleak.

Nora Salbotx Alegriak, Tasio Erkizia Almandozek, Txalaparta argitaletxeko editoreak, Garazi Arrulak eta Iratzar Fundazioko zuzendariak, Floren Aoizek Iparrorratza bildumaren bi liburu berriak aurkeztu dituzte, gaur, goizean, Donostiako udal liburutegian.

Iparrorratza bildumak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen liburuak eskaintzen du. Iratzar Fundazioak Txalapartarekin elkarlanean, gaur egungo eztabaidak jorratuko dituzte liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.

IPARRORRATZA bildumak 150 orrialdeko, bi liburu argitaratzen ditu, urtean, poltsiko edizioan, pentsamendu kritiko-politikoarekin zerikusia duten gaiekin; gaurkotasuneko gaiei buruzko beste ikuspegi batzuk ezagutu nahi dituzten irakurleei zuzenduta.

2021an, beste bi urrats eman ditugu burujabetzarantz: Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak Nora Salbotx Alegriak idatzitako hausnarketarekin eta Jan eta jabe.Elikaduraren bidez herria eraikitzen Tasio Erkizia Almandoz idatzitako liburuen bidez.

Askatu edo moztu: Bidasoaren bi aldeetara, hezkuntza, gurea, egundaino ez zaigu emana etorri. Bi estaturen interesen zerbitzura eraikitako sistemen gainetik, herri honen behar eta nahiei erantzunez egin dugun eta egiten gabiltzan prozesua da euskal hezkuntza. Hori dela eta, euskal hezkuntzagintzaz hitz egiten da liburu honetan; bizirauteko behar gorrian sortu, bulkada komunitarioan hazi eta gaur egunean mehatxu eta erronka berriei aurrez aurre begiratu beharko diena. Euskal hezkuntza sistema publiko-komunitario euskaldun, feminista, demokratiko eta aske baten korapiloa dekolonitateetan askatzea dagokigu, kanpo, barne zein gure baitakoetan. Askatzea diogu... edo moztea!.

Jan eta jabe: Mendebaldean, jatea ekintza aski arrunta da, ohikoaren zentzuan, bai eta beharrezkoa ere; hain zuzen horregatik du dimentsio sozial eta politiko ikaragarria. Esperientziatik eta konbentzimendutik idatzitako saiakera didaktiko honetan, elikadura estrategikotzat aurkeztuko zaigu, nazio baten ekonomia, osasuna, kultura eta izaera uztartzen dituen esparrua delakoan. Egun nagusi diren nekazaritza intentsiboa eta agroindustria hizpide hartu eta, alternatiba gisara, zirkuitu laburraren, ekonomia zirkularraren eta saltoki kolaboratiboen alde egiten du. Egunez egun bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko bidean lanabes izan nahian, liburuxka honek Euskal Herrian martxan diren proiektuak ezagutzera eman eta plangintza-manifestu adostu baten beharra agertzen du, bai eta botere eraldatzaileen arteko sinergiak proposatu ere. Elikadura baita, akaso, multinazionalen morrontzetatik askatzeko eta euskaldun jendea eta herria saretzeko alor oinarrizkoena.

2020an, IPARRORRATZA bildumako lehen bi aleak, Iratzar Fundazioko 2 kidek idatzitakoak, euskaraz, Andoni Olariagak,  filosofoa, idatzitako "Euskal Matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak" eta Floren Aoizek, historialaria, "Mamuari so. Neoliberalismoa versus burujabetza". Hurrenez hurren, gure matxinada historikoa interpretatzeko gakoak ematen ditu batak, eta gaur egungo neoliberalismoaren arrazionaltasuna interpretatzeko modua proposatzen du besteak.

Azkenik, gogoratu Iratzarren esku-hartze eremu nagusia ideien batailan oinarritzen dela, Euskal Herri libre, sozialista, independente, euskaldun, feminista eta burujabe lortzeko estrategiaren zerbitzura, ikuspegi estrategikotik lan egiten duena, epe laburreko erronka, diskurtso eta eztabaidetatik haratago.

Iratzar Fundazioak pentsamenduko lanak sustatu eta hedatzea du helburuetako bat eta xede horrekin, Txalaparta argitaletxearekin liburuen ko-edizioak arautzeko harreman hitzarmena sinatu zuen, Tafallan, 2020ko maiatzaren, 14an.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER