ALBISTEAK


Historical Materialism Nazioarteko Konferentzia

Floren Aoiz, uztailaren 2an eta 3an Bartzelonako Bostik espazioan Historical Materialism Konferentzian parte hartuko duten hizlarien artean. “Pandemia” kapitalistaren aurrean, hausnarketa kritiko eta eraldatzailerako topaketa transbertsal eta pluralista.

Gaur egungo krisia erreprodukzio sozialaren krisi sakona da. Krisiak, oro har, arriskuak eta aukerak sortzen dituzten inflexio puntuak izaten dira. Krisi garaietan, ezarritako botereek legitimitatea galtzen dute, baina, aldi berean, eskubide eta askatasunen kontrako erasoaldi berriak abiatzen dituzte. “Pandemia” kapitalistaren aurrean, bizitzaren politika bat praktikatzeko, aldarrikatzeko eta pentsatzeko unea da, etorriko diren aldaketak gutxiengoaren pribilegioak are gehiago sendotzeko bidea izan ez daitezen.

Burujabetza, autodeterminazioa eta errepresioa: Espainiako Estatua herrien kontra.

2017an, Kataluniako independentismoak aurre egin zion Estatuari, eta ez zen garaile atera. Esperientzia horrek irakaspen asko utzi ditu, baina baita errepresio handia eta zauri ugari ere. Horregatik, etorkizunari begira ez da erraza aktore politiko eta sozial guztien artean gutxieneko oinarri batzuen gainean planteamendu partekatu bat eraikitzea 78ko erregimena ezpataren eta hormaren artean jartzea eta Katalunian justizia sozialeko errepublika baterantz aurrera egitea ahalbidetuko lukeen estrategia berri bat planifikatzeko. Orduz geroztik, independentismoa ez da gai izan erreakzionatzeko eta haustura demokratikorako estrategia argi eta zehatz bat planteatzeko.

Burujabetza, errepresioa, Estatua, matxinada eta beste zenbait kontzeptu abiapuntutzat harturik, mahai honek bi helburu nagusi ditu: batetik, azken urteotako gertaeren eta haien ostean etorri den errepresio guztiaren marko politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalaren diagnostiko bat egitea; bestetik, horrek guztiak utzi dizkigun irakaspenak aztertzea eta Estatuaren kontrako beste ofentsiba bat planteatzeko eta haren errepresio basatiari aurre egiteko zer-nolako estrategiak behar ditugun hausnartzea.

Mahai honetako hizlariak honako hauek izango dira: Floren Aoiz (Iratzar Fundazioa), Clara Campos (Bartzelonako Unibertsitatea), Benet Salellas (abokatua) eta Gabriela Serra (maistra eta gizarte ekintzailea).

Errepresioa, errepresioaren aurkako borroka eta estrategia independentista. Gogoeta bat Euskal Herritik eta Grezia, Eskozia, Katalunia...etorkizunerantz. Erronka bikoitza: hegemonia eraikitzea eta burujabetza gauzatzea izango dira Floren Aoizen hitzaldiaren ardatz nagusiak.

Historical Materialism Nazioarteko Konferentzia 2019an egin zen lehen aldiz, Bartzelonan bertan. Mundu osoko 700 ikertzaile eta ekintzaile inguru elkartu ziren, eta, aniztasun horri esker, hausnarketa kritiko eta eraldatzailerako topaketa transbertsal eta pluralista izan zen, eztabaida bizi eta dinamikorako espazio lasaia, eguneroko presatik aldendua. Aktibismoaren eta akademiaren arteko harresiak apurtu zituen, eta jakintza arloen eta gizarte eta natur zientzien arteko mugak gainditu.


EUSKAL HERRIA DIGITALA



BEKAK



IPARRORRATZA



ERRIA




TWITTER