Gogoeta horiek, derrigorrean, galdera ikurraz lagundu behar dira, bi hauteskunde garrantzitsuen artean eginak direlako. Azkengertaeretatik harago badoaz ere, proposatuko ditugun ideiak eta hipotesiak birpentsatu beharko dira uztaileran 23ko emaitzak eta ondorioak aintzat hartuta.
Bestalde, gogoeta horiek ez dituzte barnebiltzen emaitzen azterketaren atal guziak, ikuspegi estrategikoa lehenetsi nahi izan dugulako, panorama orokorraren irakurketan sakontzeko. Hamaika kontu, hausnarketa, ñabardura eta ideia gelditzen dira kanpoan, beraz. Beste azterketak osatzeko balio izatea aski litzateke, gauzak horrela, datozen hileetan garatu beharreko hipotesi batzuk formulatzeko edo egokitzeko.
Hauteskunde deialdi ezberdinak izanik ere, maiatzaren 28koak eta uztailearen 23koak hartu(ko) dute nolabaiteko plebiszitu izaera espainiar estatuan, Sanchezek lideratutako gobernua salbuespen ez-zilegitzat jo nahi izan dutelako elite atzerakoiek eta eskuinak, eta, beraz, erorrarazteko determinazioa erakutsi dutelako.
Hauteskunde horiek baieztatzen dute gure posizionamendu estrategikoa, euskal subiranismoak berrasmatu egin baitu bere burua, neoliberalismoaren aurka lerratzean eta eskubideak zabaltzea eta estatus soziala defendatzean.
2023ko maiatzaren 28an hasitako hauteskunde ziklo osoari begira, ezarritako helburua honako hau zen: ezker independentismoa are eta indartsuago egotea, Euskal Herriko prozesu politikoak aurrerapauso sendoak eta jauzi politiko kualitatiboak egin ditzan, egun bizi dugun testuingurua aintzat harturik.
Izandako emaitzek adierazten dute helburua bete egin dela. Esan gabe doa emaitzak bikainak izan direla. EH Bildu indartuta ateratzeaz gain, arnas sakonagoko ondorioak eragin dituzte emaitzek, agertoki politikoa astintzera heldu direnak.
EH Bildu Hego Euskal Herriko lehen indar politikoa da. Herritarren kezkekin, erronkekin eta balioekin bat egiten duela islatzen da. Nafarroari erreparatuta, eskuina zatitu izana eta EH Bildu kontsolidatu izana dira gako nagusiak. Ez dugu ahaztu behar, ordea, eskuina zatitu izana, hein handi batean, EH Bilduk 2015ean abiatutako ildoa garatzetik etorri dela. Agertoki berriak zabaltzeko balio izan du.
Iruñean, aldiz, EH Bildu UPNrengandik oso gertu egon da, eta eskuin erregionalistaren alternatiba gisa kontsolidatu da. Hainbat udalerritan izandako emaitza azpimarragarriez gain, Nafar Parlamentuan GBren aurretik geratu izana nabarmentzekoa da. Horrela, orain artean baino erabakigarriagoa izango da.
Hirigune handietan, hasi dira historikoki eduki duten arazoari oinarria jartzen; Gasteizen, Iruñean eta Donostian lehen indarra izan izana, edo oso gertu egon izana, adierazgarria da. Oso nabarmentzekoak dira Bilbo Handian izandako emaitzak, botoak nabarmen igo baitira Ezkerraldean, Getxon, eta Bilbon bertan.
2011n Bilduk ezarritako sabai elektorala gainditu dute, abstentzio handiagoko egoera batean. Lehen indar munizipalista izaten jarraitzen dute, indar handiagoz, alkatetza eta zinegotzi gehiagorekin, hirigune handietan sarbide hobearekin, garaipen esanguratsuekin. Hego Euskal Herrian hedatuen dagoen indarra da. Lehen indarra da 365.000 bozkarekin. Lehen indarra izan da 150 udalerritan, 2019an baino 28 gehiagotan, eta 1400 zinegotzi ditu, 2019an baino 138 gehiago.
Zinkunegik eta Aoizek M-28ko hauteskundeen ondorioei eta irakaspenei buruzko gogoeta eskainiko digute, bai eta U-23ko hauteskundeak eskaintzen dizkiguten erronkei buruzkoa, Iratzar fundazioak antolatutako Iratzar Kafeak egitasmoaren 19. solasaldi honetan.
Solasaldia Iratzar Fundazioko YouTube kanalean ikus-entzungai, zuzenean, ekainaren 28an [asteazkena] 18:30etan eta txata zabalik izango dugu galderak luzatu nahi dituztenentzat.