ALBISTEAK


Feminismoak periferietatik hausnartzen, Bruselasen


Europako hainbat herritako hizlariek etorkizun feminista posibleei buruzko beren tesiak partekatu dituzte Coppieters eta Iratzar fundazioek elkarlanean antolatutako “Feminismoak periferietatik” jardunaldian.

Lehen saioan, Aktibismoa eta Feminismoa hizkuntza minorizatuentzat, eraldaketa soziopolitikorako aliantzei buruz solastatu dira Idurre Eskisabel (kazetaria, ikertzailea eta idazlea), Mélanie Jouitteauk (bretoieran espezializatutako CNRSko ikertzailea) eta Eibhlín Niccormaic (irlandar hizkuntzaren eta feminismoaren arteko loturaren ikerlaria).

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria izan da hitza hartzen lehena, eta hizkuntza minorizatuen aldeko borroken eta feminismoaren arteko harremanaz eta aliantza aukerez gogoetatzera gonbidatu gaitu. Nabarmendu du hizkuntzen zapalkuntza, herriak menderatzeko tresna indartsuenetakoa ez ezik, egungo kapitalismo basatiak ezinbestekoa duen kultur homogeneizazioa bermatzeko tresna ere badela.

Jarraian, Mélanie Jouitteauk hartu du hitza, eta argi adierazi du Bretainiako mugimendu feminista ez dela egon historikoki bateratuta: faseka aurkezten da, eta fase horietako bakoitza aurrekoei gehitzen zaie. Mugimendu bretoiak galdu zuen fasea, zehazki, feminismoaren bigarren fasea da, 70eko hamarkadan Frantzian eta Bretainiako zirkulu ez-bretoietan garatzen zena. Emakume bretainiar hiztunak ez ziren inoiz feminismo esentzialistatik askatu. Espektro politikoaren ezkerrean, ondorengo olatuen interpretazio esentzialista garatu zuten (pop feminismo liberala, feminismo sexual positiboa, etab.).

Ondoren, Eibhlín Niccormaicek irlandar hizkuntzaren eta feminismoaren arteko loturak azaldu ditu eta horren inguruan egin duen hausnarketaren berri eman digu: emakume preso errepublikano borrokalarien eta irlandar hizkuntzaren arteko lotura; presoen identitatea, bai emakume gisa, bai errepublikano gisa.

Lehen saioari bukaera emateko, intersekzionalitatearen aliantzaren beharrak hizpide, Lorea Agirre moderatzaileak mahaikideei galdetu die nola egin daitezkeen hizkuntza gutxituen, nazio menderatuen eta generoaren arteko harremanak eta aliantzak.

Bigarren saioan, Feminismoa eta Intersekzionalitatea, honako hauek izan dira hizlariak: Maggie Lennon (Bridges proiektuaren zuzendaria eta Womenfor Independence erakundeko ordezkaria Eskozian), María Rodó (ikertzailea, idazlea eta irakaslea Bartzelonako Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Serra Húnter MIDE departamentuan) eta Soraya Sough (MAK Kabiliako Autodeterminazioaren Aldeko Mugimenduko zuzendaritzako kidea).

Mahaikideek azaldu dute nola aplikatzen zaien intersekzionalitatea hainbat testuingururi eta zer-nolako garrantzia duen sarbide anizkoitzak testuinguru ezberdinetan. Nola lotzen den emakumeen autodeterminazioa herri edo nazio batek autodeterminazioaren alde egiten duen borrokarekin. Eta argi adierazi dute intersekzionalitateak aukera ematen digula desberdintasunaren konplexutasunari osoki heltzeko. 

Maggie Lennonek honakoa azpimarratu du: “feminismoak ekarritako begirada intersekzionala da, testuinguru honetan, paradigma emantzipatzaile osoena dakarkiguna”.

Hizlariek, beren ikuspuntutik, egungo egoeraren errepasoa egin, dauden oztopoak zerrendatu eta aurrera begirako proposamen oso interesgarriak mahaigaineratu dituzte.

Bi paneletako hizlariek hausnarketa interesgarri ugari aurkeztu dituzte, aurrera begira. Horregatik, feminismoetatik eta periferietatik ideia eta gai ezberdinak garatzeko, hobetzeko eta ahots guztiak entzuten direla bermatzeko proposamen guztiak jasoko dituen txosten bat idatziko dugu.

 




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER