ALBISTEAK


Ezkerreko erakundeak, 78ko Erregimenaren aurrean Fórum Soberanista erakundean baturik


ES    FR

2019. urtetik elkarrekin lanean eta orain Fórum Soberanista erakundea sortu dute. Euskal Herria, Katalunia, Galizia eta Andaluziako ezkerreko taldeak barnebiltzen ditu. Helburua, 78ko Erregimenaren aurrean alternatiba politiko eta sozialak antolatzea.

Hamasei elkarte biltzen ditu Fórum-ak: Fundación Galiza Sempre, Iratzar Fundazioa, Fundación Darder-Mascaró, CIEMEN, Fundación Irla, Fundación Nexe, Ipar Hegoa Fundazioa, Fundación Moncho Reboiras, Obradoiro de ideas Lancara Fundazioa, Alternatiba Fundazioa, Alkartasuna Fundazioa, Fundación Terra e Tempo de Estudios Nacionalistas Fundazioa, Intersindical CSC, Intersindical Valenciana, Grupo de Estudios Diaz del Moral eta Manu Robles-Arangiz Fundazioa. Hauetxek dira pasa den larunbatetik Fórum Soberanista erakundean bildu diren Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Andaluziako ezkerreko taldeak. 

Indar metaketa ez da ezeretik sortzen, 2019. urteko bukaeratik hona bilgune hau sortzen aritu direlako, egitasmoak partekatzen. Orain sortu duten erakundeak burujabetza bultzatzea du helburu, beti ere ezkerretik eraginez eta 78ko Erregimenaren aurrean alternatibak antolatuz.

Lan ildo hauek markatu dizkio Fórum Soberanistak bere buruari: Estatuko nazio ezberdinen pentsaerak garatzeko ekinbide kulturalak lantzea (askatasun politikoak, balore errepublikarrak eta erakabitzeko eskubidearen alde); hauen alde diharduten pertsona eta taldeen pentsaera politikoa zabaltzea; Estaturik gabeko nazioen inguruko ezagutza gizarteratzea; herritarren formakuntza politikoa eta partehartzea sustatzea; eta nazioartean berdintasuna eta justizia oinarri duten harremanak erabili eta indartzea.

Honen adibide argia da Burujabetza Eskola delakoa. Bigarren edizioa prestatzen ari da, oraingoan ezinbestean formatu birtuala izango duena. Formakuntza lantzeaz gain, gizartean eragiteko ahalegina ageri da ekimen honetan. Izan ere, etengabeko aldaketak bizi dituen gizarte honetan burujabetzaren inguruko eztabaidak pil-pilean dira. Pasa den astean, pandemiaren aurrean mugimendu honek eskain dezakeenaz aritu ziren elkarte ezberdinetako ordezkariak.

Mallorcako Fundación Darder-Mascaró-ko kide den Miquel Rosselló izango du lehendakari Fórum Soberanista honek, eta Floren Aoiz, lehendakariorde.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER