ALBISTEAK


Euskal Herriak NATOri ez!


ES   

Duela 35 urte Hego Euskal Herriak NATO-OTANi EZ esan zion. Euskal Herriak inperialismoari, bonbardaketei, gerrei eta herrien zapalkuntzarako tresnei ezetz esan zien. 35 urteren ondoren elkartasunean eta elkarlanean sinesten jarraitzen dugu, beste mundu bat posible dela uste dugulako. 

Euskal Herriak 1986ko martxoaren 12an ezezko borobila eman zion NATOri. Kataluniak eta Kanaria uharteek ere ezetza eman zuten arren, baiezkoa nagusitu zen estatu mailan, eta PSOEren gobernuak aurretik inposatuko erabakia legitimatzeko erabili zuen emaitza.

Euskal Herrian, bi izan ziren ezezkoaren aldeko herri ekimen garrantzitsuenak; euskal subiranotasunaren defentsaz lotutako Euskal Manifestua batetik, eta ezkerreko eta herri mugimenduetako hainbat talde eta pertsona biltzen zituen NATOren kontrako Mobida bestetik. Esanguratsuki, bi eragileetako pertsona erreferentzialak lanean daude elkarrekin gaur egun EH Bildun eta beste hainbat esparrutan. Hirugarren eragilea Pakea eta Desarmearen aldeko Kolektiboa izan zen. Beste talde asko ere oso aktibo izan ziren: Jarrai, ikasle eta langile mugimendua, feministak, ekologistak...

Aintzat hartu behar da Bardeako Tiro Poligonoaren salaketak leku berezia izan zuela mobilizazio eta sentsibilizazio lan horietan eta horrek eskala nazionala indartu zuela, garai hartan eragile erreformistak indar oroz bultzatzen ari ziren lurralde zatiketaren aurrean.

Erreferendum horretatik 35 urte pasa direlarik, NATOri ezetza emateko arrazoiak biderkatu dira. 35 urte iraganda, Bardeako Tiro Poligonoak, herritarren arbuio eta mobilizazioen gainetik, espainiar armadaren eskuetan eta NATOren zerbitzura jarraitzen du. Inperialismo neoliberal atlantistaren tresna erasokorra da NATO erakundea, herriak suntsitu eta gutxiengoen interesak ezartzeko bitarteko kriminala, munduko bazter askotan ikusten ari denez.

Urteurrenak parada eskaintzen digu eztabaida berpiztu, militarismoaren kontrako jarrera berrindartu eta mobilizazio haren izpiritua gogora ekartzeko. Ez da komenigarria, alta, orduko garaipenaren oroimenean gelditzea. Gaur egungo egoera eta erronken araberako mezu eta jarduerak behar ditugu, borroka zahar honetarako bide berriak bilatuz.

Euskal Herriak erabaki behar du zer-nolako harremanak izan nahi dituen beste herriekin, eta bere burua eratu behar du kanpokoen menperatze saiorik gabe, eta beste inor menperatzeko saioen konplize izan gabe. Horrek halabeharrez eskatzen du gure lurraldearen desmilitarizazio osoa, baita egitura, narratiba eta jarduera militaristekiko apurketa ere.

Herri gisa erantzun zion Euskal Herriak 1986ko erronkari, eta orain ere, herri gisa erantzun behar diegu neoliberalismoaren erasoei, geure bidea hartuz eta herriaren hitza errespetaraziz. Orain ere, burujabetasunaren defentsa funtsezkoa da, jendarte aldaketa, berdintasuna eta demokrazia biltzen baititu, herritar libreak izateko herri librea behar baitugu.

Floren Aoizek kanpainaren arrakastarako gakoak azaltzen ditu. 1986an Jarraiko kidea zen Aoiz. Bere esanetan, artikulazio hegemonikoa gauzatu zen kanpainan. Posizio edo uste ezberdinetatik ezezkoaren aldeko indarrak batu ziren, euskal herritarren zentzu komunean ideia bat txertatu zelako: NATO kaltegarria izango da gure herriarentzat.  

 

1986-2016  Soberaniaren alde, #NATOriez 

[Floren Aoiz eta Maite Ubiria]

 

 




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER