ALBISTEAK


Euskal Herria geroa gaurtik


Kasik isilean pasatu da, baina... Iratzar Fundazioak 10 urte bete ditu! Berehalakotasuna nagusitzen den garaiotan, Fundazioko kideek kit-kat bat egitea proposatu dute, gaur goizerako, Iratzar Aretoan. Euskal Herria 10 urte barru nola egongo den, eta norantz bultzatu beharko litzatekeen, modu kolektiboan, pentsatzeko.

Ez da gutxi hamar urte hauetan gertatu dena, eta nola eraldatu den gure herri hau. Azkartasuna eta berehalakotasuna nagusitzen den garaiotan, ikuspegi estrategi- koz aritzera tematu gara. Askapenaren aldeko indarrok dugun erronka kolosala bezain beharrezkoa.

Euskal Herria aldaketa garaian bizi zen duela hamar urte eta momentu horretan jaio zen Iratzar Fundazioa. Ideia bat zena, egitasmo eraginkor eta sendo bilakatu da. Gogoetak, azterketak, ideiak eta proposamenak zabaldu ditugu. 

 

Floren Aoizek, Iratzar Fundazioko lehendakariak 10 urteko errepasoa egin du: "Euskal Herria aldaketa garaian bizi zen duela hamar urte eta momentu horretan jaio zen Iratzar Fundazioa. Ideia bat zena, egitasmo eraginkor eta sendo bilakatu da. Gogoetak, azterketak, ideiak eta proposamenak zabaldu ditugu. Ideien lehian eragiteko sortu ginen, eta lan oparoa egiten gabiltza Erriatik, Iparrorratza bildumekin, sare sozialetatik... Ehunka ekitaldi publiko egin ditugu ikuspegi kritikoa lantzeko Euskal Herriko bazter batetik bestera. Trebakuntza mailan, hamaika ikastaro, saio, hitzaldi: 1.000 lagun baino gehiago pasa dira gure formakuntza zikloetatik. Oroimenaren esparruan gure ondare historikoa bildu, digitalizatu eta ordenatzen ari gara.

Eta batez ere, honetarako, elkarlana hautu estrategikoa izan da, funtsezkoa. Urte hauetan denetik gertatu da: mobilizazioak, erreakzio autoritarioak, hauteskundeak, gerlak, pandemia.."

Geroa gaurtik pentsatu eta Iratzarren ohiko den bezala, kolektiboki Euskal Herria imaginatzeko prospekzio ariketa  egin dugu: Eta ariketa hau egiteko hainbat krisiri begiratu nahi izan diogu: desestabilizazio geopolitikoa, larrialdi klimatikoa, zaintza krisi globala, munduaren bizkortzea eta merkantilizazioa, taupada erreakzionarioa eta estatuaren itzulera. Eta begiratu nahi izan diogu, guzti hauen sustraietan dagoen ereduak agortze zantzuak azaldu dituelako eta krisi hitzak aukera agertzen duelako.

Elena Belokik eta Andoni Olariagak, Iratzarreko kideek, fundazioak aurrera begira dituen erronkek aipatu dituzte:

Iratzar fundaziotik gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko borroka ideologikoari dagokionez, XX. Mendeko errelato handien erorketak taula erabat aldatu digu. Errelatoek, ideiek eta baloreek gero eta pisu handiagoa duten errealitate batean bizi gara. Ezin dugu aurreko erronka horiei tresna zaharrekin erantzun: horiek egokitu, eta berrietan eragitea ere tokatzen zaigu. Produkzioak eta prospekzioak bezainbeste, ideien lehian eraginak, edo Iratzarren esatea gustuko dugun bezala, "Irradiazioak dute garrantzia".

Trebakuntza eta transmisioa inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira, atomizazio sozialen garai hauetan. Elkarrekin trebatzen eta pentsamendu kritikoari ateak irekitzen ez dizkion mugimenduak dogmetara eta itxitasunera kondenatuta daudelako. Askapen prozesua azkartzea helburu badugu, Euskal Herria ulertu eta aldatzea, militante formatuagoak, emanzipatuagoak eta ahaldunduak beharko ditu euskal mugimendu demokratikoak. Mugimenduen trebakuntza politikoa lehentasunezko helburua da etorkizunari begira.

Saregintza, nazioartean zein Euskal Herrian, konplizitateak eraiki, saretu eta gure borroka ezagutzera ematea eta besteena gurera ekartzea da gure etengabeko borroka. Florenek esan bezala, fundazioak sareak egiteko formula arraroak dira. Egunotan eta gaur askotan errepikatu den bezala, aldaketa eta mamu garaiotan hautu estrategikoa da saretzea eta aliantzak jostea. Erreakzio autoritarioaren aurrean, siglen eta alderdien gainetik, herri bezala eta sektore emantzipatzaile bezala pentsatzeko eta aritzeko hautua berresten dugu hurrengo urteotarako.

Euskal Herriko pentsamendu kritiko eta eraldatzailea artikulatzea izan behar du ezkerreko, feminista eta independentiston eginbeharra Euskal Herrian. Ezberdinen arteko lanean sakontzea, unibertsitatea, arituak eta adituak… Alegia, pentsamendu politiko afektiboaren inguruko komunitatea eraikitzea.

Gure korpus teoriko praktikoaren etengabeko eraberritzea. Garaiko teoria berriak geureganatu, gure praxian sakondu eta gure betaurrekoak etengabe egokitu eta moldatu egin behar dira. Badira emantzipazio borroka eta korronte berrien aurrean aldez edo aurrez jartzen direnak, are horien kontra erreakzionatzen dutenak ere. Gure balio nagusietako bat, oraindik bizirik eta indartsuago gaudenaren sintoma, gure permeabilitatea da.

Balioak. Azken finean, fundazioa, alderdia edo mugimendu soziala izan, balioak dira militante guztiok eta mugimendu eraldatzaile guztiok oinarrian daukaguna. Ezkerraren zutoina bere balioak dira, bere zintzotasuna, bere pultsio berdinzalea, bere egiteko modu komunitarioa. Ezintasunaren ordez itxaropena planteatzen dugu. Eta jakitun gara,eraiki eta deseraiki prozesu baten ondorioz, jendartea eraldatzeko gure burua eraldatzetik hasi behar garela, pertsonalki eta kolektiboki.

Gaurtik bihar edo geroa gaurtik. Produzitu, saretu eta demokratizatu. Egitea,inteligentzia kolektiboan eraikitzea eta egiten jakitea izango dira helburu. Gaurko adibide xume hau bezala. Esan dugunetik, etorkizunean egoeraren irakurketa eta prospekzio estrategikoa gero eta beharrezkoago eta zailagoa izanen dira eta beraz, gero eta hobeki egiten jakin beharko dugu mugimendu bezala. Elkarren artean irudimen kolektibo ariketak eginez, ariketa horiek lurreratuz, eta ariketari segida emanez.

Gurea utopiaren mugimendua da. Telesforo Monzonek esan zuen bezala, zuok utopikook askatuko dezute Euskal Herria. Eta utopiak ez direla ameskeria esan berri digu Alba Garmendiak, gure errealitatearen ispilu egiten duten ez-lekuak baizik. Utopikoak garelako gara pragmatikoak, bidea egunerokoan egin behar delako; eta alderantziz, pragmatikoak garelako gara utopikoak, eguneroko inertziek irentsi baino, etengabe aurrera egin nahi dugulako, ezinezkoa posible bilakatuz.

Paula Garciak eta Markel Larruskainek izan dira sketch kritiko umoretsu batekin ekitaldiari amaiera eman diotenak.

 

Ekitaldian 85 lagun parte hartu dute, akademiatiik, sindikatu, militante feminista eta ekologista, parlamentariak, zinegotzi, nazioarteko ordezkariak, Txalapartako kideak, EHBildu, SORTU, ERNAI, Bilgune Feminista,...Euskal Herri osoko ordezkaritza. Maider Galardi, Mario Zubiaga, Xebas Cristie, Gorka Julio, Arkaitz Rodriguez, Eraitz Saez de Eguilaz, Edurne Larrañaga, Eneritz Zabaleta.

Prospekzio ariketa

 




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER