Zerk pizten ditu gure desirak? Nola eraikitzen eta kutsatzen dira desirak gaur egun? Zein da nazioa, kultura, hizkuntza edo egitasmo politikoenganako atxikimenduaren dinamika? Paradigma berriak agertu dira azken hamarkadetan motibazio kolektiboen azterketan eta formulazioetan, feminismotik, besteak beste. Horrek emozioen eta arrazoiaren dikotomia kolokan jarri du.
Tailerraren helburua izango da gaur egun desirari, afektugintzari eta atxikimenduari buruz dauden zenbait teoria eta hausnarketa geureganatzea. Horretarako, gogoeta horiek Euskal Herriko egungo egoerara ekarri nahi ditugu, praktikatik hemen eta orain egiten ari diren hausnarketak ere ezagutzeko. Elkarrekin pentsa dezagun, gonbidatuko ditugun irakasle edo parte hartzaileez gain, bertaratuko garen guztion iritziak eta ekarpenak trukatzeko aukera ere eskainiko dugu.
Tailerrean, beste lagun batzuen artean, honako hauek hartuko dute parte: Alba Garmendia, Edu Apodaka eta Mikel Urdangarin, Lur Albizu Etxetxipia eta Eraitz Saez de Egilaz Ramos, Estitxu Garai, Ainhoa Olaso eta Ane Elordi.
Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.
EGITARAUA:
2023-06-27 [asteartea]
9:45 - 10:00 Harrera eta dokumentazioa banatzea.
10:00 - 10:30 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
10:30 - 13:00 Pote filosofikoak. Desirari buruzko 10 tesiak.
Metodologia: hirukoteak tesiak aurkeztuko dituzte eta taldetan lan egiten hasiko gara. Gutxika, desirari buruzko marko teorikoan sartuko gara.
13:00 - 15:30 Bazkalordua.
15:30 - 17:30 Gureak ere badira. Desira, Boterea, Epika.
Metodologia: Argitaratu berri duten liburutik tiraka, desira, boterea eta epika berriak osatzeko tesi proposamenak aurkeztu, eta guztion artean eztabaidatzeko metodologiak proposatuko ditugu.
2023-06-28 [asteazkena]
10:00 - 11:30 Mahai ingurua: Kultura eta herrigintza, desiraren, afektuen eta atxikimenduen ikuspuntutik.
Metodologia: Musikatik, ikus-entzunezkoetatik eta herrigintzatik zein kulturgintzatik dauden eskaintza kultural ezberdinetatik datozen pertsonak jarriko ditu solasean Estitxu Garaik.
11:30 - 12:00 Atsedenaldia.
12:00 - 13:00 Tailerraren sintesia eta ondorioak ateratzeko ariketa kolektiboa.