ALBISTEAK


Euskal gatazkaren transmisioa: Zer jasoko dute gazteek?


Maiatzaren 31an (asteazkena), 18:30ean, Iratzar fundazioaren YouTube kanalean, Samara Veltek eta Markel Riok gatazkaren transmisioa eta belaunaldi berrien inguruko gogoeta eskainiko digute. Zein baliabide izan dituzte gazteek iraganari buruzko ezagutzara iristeko eta hari buruzko diskurtsoak eraikitzeko?, errelatoaren batailaz eta diskurtsoaz arituko dira solaskideak.

Samara Veltek eta Markel Riok gatazkaren transmisioa eta belaunaldi berrien inguruko galdera eta zalantza ezberdinei erantzuten saiatuko dira, Iratzar fundazioak antolatutako "Iratzar Kafeak" egitasmoaren 18. solasaldi honetan. Belaunaldi honen ezaugarri nagusietako bat da Gaiari buruz dauzkan oroitzapenak mediatuak direla nagusiki eta, kasu askotan, soil-soilik.

Gazte hauek jaio aurreko gertakariak beste norbaiten narratibizazioaren bidez ezagutu dituzte ezinbestean, eta haurtzaroko oroitzapen pertsonalek, existitzen direnean ere, badute elementu interdiskurtsibo garrantzitsu bat, orduko haurrak hautemandako elementu, irudi, inpresio eta giroek ia beti behar dutelako a posteriori-ko informazio edo azalpen osagarriren bat diskurtso koherente bihurtzeko. Informazio hori gurasoek edo inguruko pertsona helduagoek esperientziaren unean emandako azalpenen bidez osatu ohi da, edo subjektuak berak ostera bestelako medioetatik jasotako datuen bidez.


Beste ezaugarri garrantzitsu bat da belaunaldi hau iraganari buruzko eremu diskurtsibo disputatu batean hazi dela. Hainbat hedabidetan honezkero ororkotuta eta naturalizatuta dagoen errelatoaren bataila izendapenak gatazka militar baten terminoetan  kontzeptualizatzen du memoriaren eraikuntza: ahots aniztasuna bilatzen duen prozesu polifoniko baten moduan planteatu ordez, narratiba bakar bat garaile izan daitekeen eszenatoki bat aurresuposatzen du, eta hartarako Bestearen garaipen diskurtsiboa bilatzen du; horretako narratiba murriztaileek hurrengo belaunaldiengan izan ditzaketen ondorio kaltegarriak aztertuko dituzte eta gazteen memoriaren eraikuntzan mediatzen duten baliabide zehatz batean jarriko dugu arreta: irudietan.

Euskal gatazkak gazteengan utzi duen aztarna, pisua eta transmisioa zertan datzan,  legadoaren exigentziaren pisuaz, komunikabideetan nola proiektatu duten gaia eta zer nolako eragina duen, gatazkaren errepresentazioaren eta gizartearen iruditegiaren artean  disonantzia handia dagoen.

Bestalde, eta errelatoaren batailari buruz, errelatoaren guda famatuak eragiten du gatazkaz hitz egitean ikuskera partzialak ematea. Gogoraren kasua oso entzutetsua izan da. Gatazkaren ertz desberdinetaz hitz egin beharrean, gatazkaren moralizazioa egiten da, alde bateko biolentzia ezkutatu eta bestea anker erakutsiz. Zer dago honen atzean? 




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER