Iparrorratza bildumak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen liburuak eskaintzen du. Iratzar Fundazioak Txalapartarekin elkarlanean, gaur egungo eztabaidak jorratzen dituzte liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.
“Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista“ eta “Gureak ere badira. Desira, boterea, epika” Iparrorratza bilduma handitzera datozen azken bi liburuxkak:
Kritika eta praktika marxisten, transfeministen eta dekolonialen pentsamoldeak bere eginez, eskuliburu honek mendez mende gure herrian eraikitako iruditeria basa aztertzen du. Horretarako,Euskal Herriko pentsalariak eta iturriak oinarri hartuta, lau barbarizazio prozesu aletzen ditu, barbarizazioa izanik, egilearen hitzetan, “euskaldun desobediente emantzipatzailearen aurkako indarkeria materiala”. Horrenbestez, erreminta kutxa bat izan nahi du euskararen, euskaldunaren eta Euskal Herriaren zapalkuntzak barbarizazio prozesuen gurutzaketatik ulertzeko. Iruditeria horretatik ihes egiteko praktikak ere proposatzen ditu, eta erakusten nola izan den euskara zapalkuntzarako eta erresistentziarako eremu behinena.
Belaunaldi aldaketa bat gertatu dela, egungo gazteek ez dakitela onpromisoa zer den, ez dagoela etorkizun desiragarri posiblerik, abertzaletasuna eta komunitatea ahuldu egin direla…horiek eta gisakoak maiz entzun ditugu azken urteetan. Ideia maiztu bezain eroso horiek nondik datozen azaldu eta horiek problematizatzen dituzte egileek, afektuetan eta kolektiboan arreta jarriz eta eraldaketa sozialerako desira, boterea eta epika ardatz hartuta. Beren esperientzia, gorputz eta ikuspegitik aztertzen dituzte orain arte eraiki den istorio komuna, eta hori berridazteko gakoak ematen dituzte, zeren, denok kabituko bagara, istorio komunak ezin baitu istorio bakarra izan. Haienak ere badirelako.
Andoni Olariagak, filosofoa, idatzitako "Euskal Matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak" eta Floren Aoizek, historialaria, "Mamuari so. Neoliberalismoa versus burujabetza" izan ziren IPARRORRATZA bildumako lehenengo eta bigarren aleak. Hurrenez hurren, gure matxinada historikoa interpretatzeko gakoak ematen ditu batak, eta gaur egungo neoliberalismoaren arrazionaltasuna interpretatzeko modua proposatzen du besteak.
Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak Nora Salbotx Alegriak, Nafarroako hezitzailea, idatzitako hausnarketa eta Jan eta jabe. Elikaduraren bidez herria eraikitzen Tasio Erkizia Almandozek idatzitako liburuak izan ziren iaz argitaratutakoak.
Azkenik, gogoratu Iratzarren esku-hartze eremu nagusia ideien batailan oinarritzen dela, Euskal Herri libre, sozialista, independente, euskaldun, feminista eta burujabe lortzeko estrategiaren zerbitzura, ikuspegi estrategikotik lan egiten duena, epe laburreko erronka, diskurtso eta eztabaidetatik haratago.
IPARRORRATZA bildumak 150 orrialdeko, bi liburu argitaratzen ditu, urtean, poltsiko edizioan, pentsamendu kritiko-politikoarekin zerikusia duten gaiekin; gaurkotasuneko gaiei buruzko beste ikuspegi batzuk ezagutu nahi dituzten irakurleei zuzenduta.