ALBISTEAK


2023: urte oparoa fundazio subiranisten esparruan


ES   

Iratzar fundazioak, bere helburuak garatu nahian, harremanak lantzen ditu hainbat eragile eta pentsalariekin, bizi garen garaiaren diagnostikoa sakontzeko, etorkizun joerak identifikatzeko eta elkarlan aukerak arakatzeko.

COVID 19 pandemiaren ondotik gero eta zailagoa da nagusitu den azelerazio orokor giroan azterketa zorrotzak egitea, baina inoiz baino beharrezkoagoa da, une berean, ez baitago politika eraldatzailerik egiterik bizi garen garaia ulertu gabe. Hau ezinezkoa da gu bezalako eragile batendako bestelako aktoreekin harremanetan sartzen ez bagara. Estrategikoa da, horrenbestez, saretze lana.

Saretzea, behar estrategikoa

Saretze hau Euskal Herrian nahiz Espainiar eta Frantziar estatuetan dauden eremu intelektual eta fundazioekin harreman nahiz elkarlana garatzean datza. Izan ere, eremu horiek, elkar partekatzeko eremuak izatetik harago, ariketa eta ekimen amankomunak diseinatu eta ekiteko eremu aproposak dira. Lantzen ditugun edukien artean honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: espainiar eta frantziar estatuen azterketa, pentsamenduaren esparruetan agertzen diren ideia eta proposamen berriak, egungo subiranismoaren erronka eta egitekoen inguruko analisia eta hausnarketen partekatzea, feminismoaren azterketa zorrotzen elkarlana eta eraldaketarako tresnen partekatzea edo elkar egitea, erronka ekologikoen eta alternatiben inguruko elkar ezagutza eta digitalizazioaren erronkak.Bi norabidetan lan egiten dugu eremu hauetan, batetik, Euskal Herriko ikuspegia partekatuz eta, bestetik, kanpoko esperientzietatik ikasiz.

 

Forum Subiranista, begirada luzeko apostu emankorra

Forum Subiranista Espainiar Estatuko hainbat fundazio eta antzeko entitateek osatutako sarea da. Duela hainbat urte eman ziren lehen urratsak Mallorca, Euskal Herria eta Kataluniako eragile batzuek (Iratzar Fundazioa barne) bultzatuta eta ibilbidean zehar elkarte eta beren kideen arteko harremanak sakondu dira, orohar elkartasun eta elkarlan giroa eraiki delarik.

Helburua fundazio eta antzeko eragileen esparru autonomoa eraikitzea izan da, alderdi eta sindikatuen esparrutik haratago, pentsamendu eta borroka ideologokiari begira, epe luzeko ikuspegia lantzeko. Ezaugarritze gisa ezkerreko subiranismoa aukeratu zen, beren burua independentistatzat hartzen duten eragileez gain beste batzuen parte hartzea ere bideratzeko.

Lehen urratsetan gogoeta gune gisa irudikatuta zegoen, baina urteak pasa ahala, helburu ausartagoei ekin die foruak. Idazkaritza osatu zen osoko bilkuren arteko dinamika bermatzeko, hainbat ekitaldi publiko egin dira, baita zenbait agiri argitaratu ere, besteak beste Kataluniako prozesuaren alde edo 2018. urtean espainiar konstituzioaren kritika gisa, haustura demokratikoa defendatuz. 2020ko otsailan lehen Eskola Subiranita antolatu genuen Zuatzun herri ezberdinetako 100 lagun baino gehiago bilduz, eta ondotik eskola digitala egin zen (pandemian) eta saio presentzialak Gandian, Compostelan eta Porto Cristo-Manacorren

Gaur egun Herrialde Katalenetako (Katalunia, Balentzia, Irlak) Euskal Herria, Galiza,  eta Andaluzia eta Kanariar Uharteetako eragileok osatzen dugu Foruma. Fundazio gehienak alderdi eta sindikatu soberanistei lotutako entitateak dira, baina badaude beste batzuk, CIEMEN elkartea, esaterako, halako loturarik ez dutenak.

 

Egindako lanak onurak ekartzen ditu: aurrera goaz!

Esan beharra dugu, zorionez, gure buruari ezarritako helburuak betetzen ari garela. Espainiar eskalako ezkerran ez bezala, elkarrekiko errespetua, aniztasunaren aitorpena eta elkarlanerako jarrera irekia nagusitu dira, aurten ere, herrietako fundazio subiranisten esparruan. Urte oparoa izan da, gauzak horrela, aukera izan dugulako fundazio berriei ongi etorria emateko, Kanariar Uharteko subiranismoa zuzenean ezagutzeko (eta Foruma han aurkezteko), hauteskunde hitzorduen ondotiko estatu mailako egoera aztertzeko eta, azkenik, Trantsizio Ekosozialaren inguruko Eskola Subiranista egiteko, non eta Mallorcan.

Hau lortzeko, Forumak baren dinamika trinkoa du, online zein bilkura presentzialetan. Hala, Iratzarreko lagunok Bartzelonara joan ginen martxoaren hasieran, trebakuntza eta gogoeta dinamiken plangintza lantzeko eta irailan, Kanarietako Las Palmas hirira ekainaren bukaeran eta uztailaren hasieran, esan bezala, hango egoera ezagutu eta Osoko Bilkuran parte hartzeko, Bartzelonara itzuli ginen Diadaren inguruko egunetan, egoearen azterketa sakonagoa egiteko behin hauteskundeetako emaitzak ezagututa eta Mallorcan abenduaren hasieran, Trantsizio Ekosozialaren inguruko Eskola Subiranistan parte hartzeko.

Foruma, dagoeneko, sare kontsolidatua da, etorkizunari ilusioaz so egiten diona, zerbait berri eta emankor eraikitzen ari garelako. Gauzak horrela, argi dago elkarlanak eta epe luzeko begiradaren araberako jarduerek fruituak ematen dituztela.

 

Kultura eta Kirol Ministerioak diruz lagunduta.

 

 




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER