ALBISTEAK


Gure garaia ulertzeko gakoak, Sortuk antolatutako 5.Nazio Konferentzian


Uztailaren 15 eta 16an egingo du Sortuk bere 5. Nazio Konferentzia, Lakuntzan. Topaketa honek eztabaida politikoan sakontzeko balioko du, baita elkar ikusteko eta elkarren berri izateko urteroko topaketa bilakatu da Sorturen komunitatearentzat. Aurten, egun eta erdiko iraupena izango du eta Nazio Batzarra, solasaldi eta tailer ezberdinak egongo dira.

Bizi dugun testuinguruari zorrotz erreparatuko diogu Sortuk antolatutako 5.Nazio Konferentzian eta horretarako Iratzar fundazioko kideok gai ezberdinetan sakontzeko elkarrizketa bat eta aldi bereko lau solasaldi antolatu ditugu, ostiral arratsalderako. 

Munduari So Gure Munduari So argitalpena oinarri hartuta, munduko joerak aztertuko ditugu Euskal Herritik: ordenuaren aldaketak, gerrak, ekonomia politikoa eta politika ekonomikoak, zuzenbidea, botere-arkitektura...

Zibilizazioa krisian? Aurrean duguna klima aldaketa edo energia krisia baino askoz ere gehiago da, koronabirusaren pandemiak era bortitzean erakutsi digunez. Zeren aurrean gaude? Nola egin aurre euskal askapen mugimenduaren logikatik?

Egungo naziogintza Naziometroko azterketak oinarri hartuta, zein da euskal naziogintzaren egoera? Ziklo berri batean egoteak zer egokipen eskatzen ditu abertzaletasunean, iruditerietan eta diskurtsoetan?

Errepliege usaina dario Ugaltzen ari diren pultsio kontserbadore, autoritario, retrotopiko eta esentzialisten aurrean ezker eraldatzaileak dituen erronkei buruz ariko gara: subjektuaz, aniztasunaz, praktikaz, bideragarritasunaz eta utopiaz.

 

17:00-18:30: ELKARRIZKETA

Emilio Santiago eta Idoia Zengotitabengoa artean, gure garaia ulertzeko gakoak eta ematen ari diren aldaketak, erritmoak, teoria politikoa,...egunerotasunetik harago jartzeko betaurrekoak.

Solasaldiak: Aldi bereko solasaldiak. 

19:00-20:30: MUNDUARI SO

Pernando Barrenak, Martin Arbeok eta Elena Belokik, ematen ari diren munduko joeretan sakontzeko parada eskainiko dizkigute, aldiro argitaratzen dugun nazioarte mailako irakurketetatik. Mundua aztertzen saiatuko dira, ordenuaren aldaketez, ekonomia politikoaz eta politika ekonomikoaz, zuzenbideaz, botere arkitekturaz.

19:00-20:30: ERREPLIEGE USAINA DARIO

Antonio Gomez Villar eta Andoni Olariaga, solasaldi honetan, ezker eraldatzailearen erronkei buruz ariko dira: subjektuaz, aniztasunaz, praktikaz, bideragarritasunaz eta utopiaz. Gainezkatzen gaituen mundu bizkor honetan taupada kontserbadore eta autoritarioak ugaltzen dira nonahi, ziurtasunen bila edo, baita ezkerran ere, tamalez. Utopia eraginkorren ordez, iraganaren ideializazioak dira hainbat esparrutan indartzen ari direnak. Batzuetan, gainera, askapen indar berrien aurreko erantzun ezkorrak dira, nolabaiteko esentzien defentsaren forma hartzen badute ere.

19:00-20:30: EGUNGO NAZIOGINTZA

Asier Etxenike, Lur Albizu, Txomin Poveda, Edurne Benito del Valle eta Floren Aoiz “Denbora daramagu atakari bueltaka” hasten da Iparrorratza bildumako lehen liburua. Ziklo berri batean gaude eta horrek hainbat berrikuntza edota egokipen eskatzen dituela esan dugu maiz azken urteotan. Neuronak astindu behar ditugu, beraz, formula berriak bilatzeko, jada erabilitako onenak berreskuratzeko..., irudimena astindu behar dugu abertzaletasuna, naziogintza, komunikazio estrategiak, iruditeriak eta diskurtsoak fintzeko ariketak proposatuko dizkigute solaskideek.

19:00-20:30:ZIBILIZAZIOA KRISIAN?

Joseba Azkarraga eta Ainhoa Intxaurrandieta azken urteetako fikzioz serie apokaltikoak alde batera utzita, begirada ekosoziala zorrozten saiatuko dira adituen. Klima aldaketa edo energia krisia baino askoz ere gehiago da aurrean duguna, koronabirusaren pandemiak era bortitzean erakutsi digunez. Zeren aurrean gaude, alta?, Nola egin aurre euskal askapen mugimenduaren logikatik?,...

 

 


ERRIA





IRATZAR KAFEAK




TWITTER