ALBISTEAK


DesiraK, botereaK, epikaK


Lur Albizu eta Eraitz Saez de Egilaz "Gureak ere badira. Desira, boterea, epika" liburuan hausnartzen eta problematizatzen dituzten zenbait gako argitzen saiatuko dira, azaroaren 30ean [asteazkena], 18:30ean, Iratzar fundazioaren YouTube kanalean.

Iratzar fundazioak “DesiraK, botereaK, epikaK” lemapean 12.on-line solasaldia antolatu du azaroaren 30erako; Lur Albizuk eta Eraitz Saez de Egilazek hainbat kezka, galdera eta ezinegon konpartitu dituzte "Gureak ere badira. Desira, boterea, epika" liburua idatzi baino lehen, bitartean eta ondoren...bizitzaren politizazioan eta politikaren balio eraldatzailean sinisten dutelako.

12. Iratzar Kafe honetan solaskideek hitz handiei helduko diete eta beste begirada bat eskainiko digute mundu komunak imajinatzeko. Belaunaldi aldaketa bat gertatu da, egungo gazteek ez dakitela konpromisoa zer den, ez dagoela etorkizun desiragarri posiblerik, abertzaletasuna eta komunitatea ahuldu egin direla…horiek eta gisakoak maiz entzun ditugu azken urteetan. Ideia maiztu bezain eroso horiek nondik datozen azaldu eta horiek problematizatzen dituzte Albizuk eta Saez de Egilazek, afektuetan eta kolektiboan arreta jarriz eta eraldaketa sozialerako desira, boterea eta epika ardatz hartuta zenbait gako argitzen saiatuko dira, azaroaren 30Ean [asteazkena], 18:30ean, Iratzar fundazioaren YouTube kanalean.

Lur Albizu 1993, Artazu (Nafarroa, Euskal Herria) Gasteizen Euskal Ikasketak egin zituen, Irakaskuntza Masterra eta Hizkuntza Plangintzan graduondokoa. Lanbidez euskara teknikaria da. Ikasle mugimenduan hasi zen militatzen, mugimendu feministan topatu zuen etxea eta Ernai izan da bere eskolarik handiena. Orain, Nafarroako Sorturen arduradun politikoa da.

Eraitz Saez de Egilaz 1996, Beasain (Gipuzkoa, Euskal Herria) Zuzenbide gradua eta abokatutza masterra egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ernai gazte antolakundean eta ikasle mugimenduan hasi zuen bere ibilbidea, eta Euskal Herria Bildu koalizioan eman dio segida. Gasteizko legebiltzarkidea da 2020az geroztik, XII. Legegintzaldian.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER