ALBISTEAK


Borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragiteko sortu da Iparrorratza bilduma

Bilduma berriak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen multzoa eskainiko du.

Txalaparta argitaletxeko editoreak, Garazi Arrulak eta Iratzar Fundazioko zuzendariak, Floren Aoizek Iparrorratza bilduma aurkeztu dute, gaur, goizean, Donostiako Teila Fabrikan.

Iratzar Fundazioak Txalapartarekin  elkarlanean, gaur egungo eztabaidak jorratuko dituzte liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.

Iratzar fundazioaren egitekoen artean, memoria eta kontakizuna, ideien lehia, trebakuntza eta ahalduntze politikoa daude, eta Iparrorratza liburu bilduma bide horretan bete-betean eragiteko beste tresna bat da. Hain zuzen, Iparrorratza izena jarri diogu gaur egungo mundua interpretatu eta berau eraldatzeko emantzipaziorako gakoak eta eztabaidak mahaigaineratzeko asmoa duen heinean. Era berean, argitalpen hauek prozesu bezala ulertzen ditugu, eta, beraz, bat egingo du fundazioak dituen egiteko eraldatzaile horiekin. Hiru pauso, gutxienez: gaiaren identifikazioarekin hasi, idazketa prozesuarekin eta argitalpenarekin segi, eta komunitatearekin batera egingo ditugun lanketa eta eztabaidekin buka.

Zentzu horretan, ahalduntzeko tresna izan nahi dute liburuxka hauek, eta emantzipazio proiektu politikoei ekarpena egingo diote: lehenik, gaien gaurkotze eta hausnarketen bidez; bigarrenik, talde eta komunitatearekin eztabaidatzerakoan; eta, azkenik, idazleak berak egingo duen sorkuntza-sintesi eta idazketa prozesuaren bidez. Joan-etorriko bidea da. Iratzarreko kideon ustez, bilduma honetako liburuek pauso horiek jarraitu behar dituzte: ahalduntze politiko, belaunaldi arteko transmisio eta egungo eztabaida eta gako nagusiak interpretatzeko balio behar dute.

Nafarroako argitaletxe independenteak IPARRORRATZA bildumako, 150 orrialdeko, 2 liburu argitaratuko ditu, urtean, poltsiko edizioan, pentsamendu kritiko-politikoarekin zerikusia duten gaiekin; gaurkotasuneko gaiei buruzko beste ikuspegi batzuk ezagutu nahi dituzten irakurleei zuzenduta.

Hona hemen IPARRORRATZA bildumako lehen bi aleak:

Andoni Olariagak filosofoak eta Iratzar Fundazioko kideak idatzitako "Euskal Matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak", lehenik, eta Floren Aoizek historialaria, Sortuko kidea eta Iratzar Fundazioko lehendakariak idatzitako: "Mamuari so. Neoliberalismoa versus burujabetza", bigarrenik. Hurrenez hurren, gure matxinada historikoa interpretatzeko gakoak ematen ditu batak, eta gaur egungo neoliberalismoaren arrazionaltasuna interpretatzeko modua proposatzen du besteak. Olariagak eta Aoizek hainbat adituen idazki, hitzaldi eta ikerketatan oinarritua gogoeta teoriko interesgarriak idazti dituzte, ale hauetan.

Txalaparta argitaletxeak 1.000 izenburu baino gehiago argitaratu ditu. Argitaletxearen sustatzaileen hasierako lanak memoria historikoa kontatzeko interesak bultzatuta hasi ziren, Gerra Zibila eta Nafarroarekin lotutako hainbat gairekin. Gaur egun, gai hauek lantzen ditu: euskal literatura eta literatura unibertsala, eremu historiko eta politikoko saioak, kritika sozialeko lanak, ezker politikoari buruzko klasikoak. Urtean 40 liburu argitaratzen dituzte, batez ere euskaraz eta gaztelaniaz.

Azkenik, gogoratu Iratzar Fundazioaren esku-hartze eremu nagusia ideien batailan oinarritzen dela, Euskal Herri libre, sozialista, independente, euskaldun eta feminista lortzeko estrategiaren zerbitzura, ikuspegi estrategikotik lan egiten duena, epe laburreko erronka, diskurtso eta eztabaidetatik haratago.

Iratzar Fundazioak pentsamenduko lanak sustatu eta hedatzea du helburuetako bat izanik, Nafarroako argitaletxe independenteak, fundazio soberanistarekin batera, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Tafallan, 2020ko maiatzaren, 14an, pentsamendu kritikoarekin lotutako gaiei buruzko IPARRORRATZA argitalpen-bilduma berria sortzeko.


IPARRORRATZA



ERRIA



TWITTER