ALBISTEAK


Askapen bide(ar)en haritik


ES   

Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera ikastaro berri bat antolatu dugu. Singularrean nahiz pluralean, pertsonalean eta kolektiboan. Erpin ezberdinetatik sakondu nahi izango dugu askapen bidean (edo bideetan).

Jada edizio bat baino gehiago daramatzagu arrakastaz Udako Euskal Unibertsitatearekin batera, udako ikastaroen antolakuntzan eta plazan elkarrekin egiten. Aurten, gai sakon bati helduko diogu zurekin batera: askapen bide(ar)en haritik izenburupean.

Bi espazio (Iruñea, eta Baiona), eta bi momentu (Ekainaren amaieran, eta uztailaren hasieran) jarri ditugu hitzordu bezala. Eta pluralean badira ere, hari beraren parte direla ulertzen ditugu. Nahiz eta bakoitzak bere aldetik izate bat eta ulerkuntza propio bat izan dezakeen eta aukera hori zabaldua den ere, ireki nahi dugun hausnarketaren harian zehar oinez egitera gonbidatu nahi zaituztegu. GUaz hausnartu, GUa marraztu eta GUa praktikatik ekiteko eta eraikitzeko koordenadez solastera gonbidatu nahi zaituztegu.

Kronologikoki ordenatzea, ordenatzeko modu bat denez, hiru momentutan eztabaidatzeko tartea hartuko dugu:

Udaberria, sorrera momentua, paradigma aldaketa eta formulazio berri eta ausarten garaia. Nola formulatu zen garaian GUa? Nola eraiki? Zein planteamendu ausartetatik? Izate soil batetik harago, praktikari eta momentu zehatzari erabat loturik. Langilea izatea, euskaldun izatea eta herri izatea garaiko ezaugarritze baten baitan zen.

Testuingurua erabat aldatua da. XXI menderako jauzia bizi dugu. Zertan da beraz, gaurkotasunetik langile izatea, euskaldun izatea eta herri izatea? Zertan datza egungo jendarteari loturiko praktika politikoak? Zertan dira GU izatearen eraikuntzak egun?

Hirugarrenez, eta gaurtik eraikitzen ari garen edo eraiki nahi den horretaz praktiketatik ikasi eta hausnartzeko tartea eskainiko diogu. Nola ari gara ekiten eta egiten? Nola nahi dugu ezaugarritu gaurtik biharko paradigma?

Ikastaroaren formaz, ikusi bezala, adiera ezberdinak biltzen saiatuko gara: ponentziak egongo dira, mahainguruak… baina baita sorkuntzarako espazioak, nahiz gaurtik, praktikatik eta esparru ezberdinetatik aurrera eramaten ari garen esperientziak ezagutzen aukera. Eta nola ez, kolektiboan egiten dugun hausnarketa eta eztabaidari tartea eskainiko diogu, zurekin batera egiteko bidea baita hariarena, guztiok batera. Izan ginelako, izango gara? eta garelako, zer izan nahi dugu? Bazatoz?

Iruñeako ikastaroaz informazioa: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroa/1318/Askapen%2Bbide%2528ar%2529en%2Bharitik%2B%2527%2527Izan%2Bginelako%252C%2Bizango%2Bgara%253F%2527%2527

Baionako ikastaroaz informazioa: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroa/1333/Askapen%2Bbide%2528ar%2529en%2Bharitik%2B%2527%2527Garelako%252C%2Bzer%2Bizan%2Bnahi%2Bdugu%253F%2527%2527




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER